«Elkartasuna mantentzen da herriotan, eta indarra ematen du»
Ataungo San Martin auzoak festa betean behar zukeenean, isil eta itxita dago. Ezohiko azaroa da Troskaeta tabernako Aitor Aldasororentzat (Ataun, 1969) ere. Barra du talaia.
Zenbat denbora tabernari?
Hogei urte aurten. Lehen amak eduki zuen, eta ni 14 urtetik tabernan ibili naiz. Zortzi senide ginen, denak hemen ezin, eta tailerrean eta igeltseritzan ere ibili nintzen. Baina onena hona itzultzea nuela erabaki nuen. Amak egin zituenak baino urte gehiago egin ditugu guk jada.
Eta orain hau. Itxita.
Lehengoan, batek esaten zuen hilabeteko oporrak bezala direla. Bai, baina 12 hilabetean jada laugarren hila da. Urte garai honetan, gainera, lanez gainezka egon behar genuen hemen: festak, mondeju lehiaketa… Guretzat urtearen salbazioa da azaroa, hilabete ona izaten da.
Aurten, ez lanik eta ez festarik.
Ezer ez. Kolpea da. Emaztea, alaba eta hirurok ari gara hemen. Gehi bi langile, orduka: bat jardunaldi erdian, eta bestea asteburuetan orduekin. Horiek ABEEra joan beharko dute, eta sentsazio txarrarekin gelditzen zara. Bizi guztian gurekin dagoen jendea da, eta korajea ematen du. Egoera oso berezia da.
Lehendik ere ez zegoen samurra ostalaritzan, ezta?
Ez. Ikusi egiten zen izugarrizko aldaketa zetorrela. Honek azkartu egin du, eta ostalaritza berrasmatu dago egin beharra. Etxerako eramaten hasi dira denak; baina mundu guztia ezjakintasunean, ez dakizu irabazten ari zaren ala ez.
Saiatzen ari zarete etxerako eskaintzarekin: janaria, ogitartekoak, baita pintxoak ere.
Bai. Orain, menu berezi bat jarri dugu San Martin egunerako eta bigarrenerako [gaur-bihar], jendeak etxean ospa dezan. Saiatzen zara zerbait egiten, baina ekonomikoki irabazteko baino gehiago, bezeroekin harremana ez galtzeko da, gehien bat.
Zuen oraingo egun ‘normal’ bat nolakoa da?
Aurreneko egunetan, hozkailuak garbitu, ataria margotu, eta utzitako lanak egiteko dira. Baina, gero, buruari bueltaka hasiko gara, eta orduan izaten da txarra.
Gabonetarako lasatuko ote duten, hori aipatzen da.
Hotsa hori da, eta helburua ere bai. Lehenago udarako egin zuten bezalaxe. Zeren ekonomia, bestela, pikutara doa. Jende pila bat bizi da ostalaritzatik. Lehen urtea hala baldin badoa, uda eta orain Eguberriak galtzea gehiegi da. Hala eta guziz, negozio asko eroriko dira, honi eustea oso-oso zaila da eta. Baina laguntzeko ere jendeak ulertzen du egoera, eta bezeroek eurek. Eskaintza bat egin etxera eramateko, eta denak gainean dauzkazu. Eskerrak horrelako jarrerari, bestela…
Komunitatearen indarra.
Herri txikietan, behintzat, mantentzen da elkartasuna. Horrek ematen du segitzeko indarra. Bestela, oso gaizki gaude.
Festa garaia behar zuen honek.
Bete-betea. Urte guztian ez da festarik ospatu Ataunen. Gazteak zerbait asmatu edo egin nahian badabiltza, baina neurriak oso zorrotzak dira. Badirudi, gainera, neurriak emaitzak ematen ari direla zenbait lekutan. Nafarroan, adibidez. Orduan, itxi behar bada, itxi beharko; hor ez dago bueltarik. Kontua da horrek zer ondorio utziko dituen eta hori nola lagundu behar den.
Tabernari izanda, ez zenuten kalean jai askorik gozatuko.
Gaztetan bai, baina gero askorik ez. Guretzat lana dira festak. San Martinen, gainera, mondeju lehiaketarekin hasten zen; Jentilen Etorrera, tokatzen den urtean; urri bukaeran Korrikaldia… Hamabost bat egun oso indartsuak dira. Oso segidan etortzen zen, eta urterako oso ona zen. Orain, hori gabe, jateko adina egingo dugu, eta aurrera.
Festak aldatu al dira Ataunen?
Asko, ikaragarri. Tabernetako ohitura eta festa-ohitura asko aldatzen ari da. Hori esanez gentozen. Lehen, Iparraldeagatik esaten zen, eta hona ez zela etorriko. Gau-iluntzeko festak asko jaitsita zeuden. Lan egiteko modua eta kontsumo-modua ere asko aldatu dira. Eguneko festak ia indar gehiago du gauekoak baino. Lehen, justu alderantziz zen: egunez ia ez zen ezer egiten, eta gauez, hasi hamaiketatik eta goizeko seiak arte, gelditu gabe. Gu hiru anaia egoten ginen taberna barruan lanean. Orain, ez naiz bakarrik egoten, bakarrik ez egoteagatik.
Zer festa-giro duzu nahiago, lehengoa ala oraingoa?
Guk zortea eduki dugu, kasu honetan. Gure adinarekin batera joan da aldatzen, eta nik orain gau guztian egoteko gogo handirik ez dut edukitzen. Guri ondo etorri zaigu, beste batzuei ez agian. Gaztetan gustura hartzen zen, juergarako modu bat zen: barran gustura gau guztian, musika jarriz, saltsa, tarteka trago bat hartu… Orain, sutan askotan. Adinaren kontuak.
Zer gustatzen zaizu gehien?
Gazte jendea ibili ohi da antolatzen, eta euren gustuko festa egiten dute. Normala hori da. Baina tabernatik begiratuta, ikusten dut festek maila horretan ez dutela halako aldaketarik eraman. Gehiago aldatu da ordutegian eta lana egiteko moduan, baina saiatzen dira adin eta era desberdinetako herritarrei gogoko festak antolatzen. Asko gustatzen zait mondeju lehiaketa, bertako kutsu horri eusteko.
Zuek egiten duzue mondejua.
Bai. Azaroko lau igande eguerdi antolatuta geneuzkan mondeju-janetarako, tartean San Martin eguerdia. Aurrenekoa oso ondo atera zen, azaroaren 1ean. Baina gero, jada, itxita. Izena emanda zeuden denei deitu diegu, eta nahi badute etxera eramateko prestatu diegu menua: mondeju-zopa, mondejua, ardi gixatua eta postrean sagar errea edo mamia aukeran. Oso ondo atera da, askok zoriondu gaituzte.













