Indarkeria matxistaren aurka sormen lehiaketa abiarazi dute
Goierri beheko sei udaletako berdintasun zerbitzuen elkarlanetik sortu dute sormen lehiaketa. Bideo lanak aurkezteko azken eguna 2020ko abenduaren 4a izango da
Goierrin indarkeri matxistaik ez! sormen lehiaketa abian jarri dute lehenengoz, Goierri beheko sei udaletako berdintasun zerbitzuen ekimenez sortu da. Ordiziako, Legorretako, Zaldibiako, Segurako, Lazkaoko eta Beasaingo udalek abiarazi dute, hain zuzen ere. Egunerokotasunean emakumeek indarkeria psikologikoa, sexuala, ekonomikoa nahiz fisikoa pairatzen dute hainbat intentsitatetan. COVID-19ak, ez du batere lagundu egoera horietan, eta hori hartuko du ardatz lehiaketak, proposatu duten gaia, horixe izango delarik: COVID19-ak eragindako pandemia eta emakumeen aurkako indarkeria.
Azaroaren 25a gertu
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako ahotsak altxatzeko, laster da egutegian egun seinalatu bat; azaroaren 25a. Egun horren inguruan zenbait ekitaldi eta ekintza antolatzen dira udalerri bakoitzean, herritarren kontzientziazioa, sentsibilizazioa edo arduratzea sustatzeko, baita salaketak egiteko ere. Horrez gain, aurtengoan, sormen lehiaketa bat egitea erabaki dute Goierriko sei udalok, eskualdeko taldeen eta norbanakoen parte-hartzea bilatzeko xedearekin, gaiaren inguruko hausnarketa bultzatzeko eta jendartea jabetzeko egoera honen aurrean duen arduraz, besteak beste.
Nola parte hartu
Lehiaketako gaia hartuta, bideo formatuan aurkeztu behar da lana, baina grabaketan bertan beste edozein sorkuntza mota ager daiteke. Adibidez, marrazkiak, eskulturak, argazkiak, bertsoak, idazkiak, irakurketak, dantzak, antzerkiak,… Testuak ahoz edo idatziz agertzekotan, horiek euskaraz izan beharko dute. Lanak aurkezteko azken eguna 2020ko abenduaren 4a izango da eta sari banaketa ekitaldia, abenduaren 10ean egingo dute, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean. Lehiaketaren inguruko informazioa, labur.eus/goierrinindarkeripe webgunean.















