Maria Longarte tolosarra izango da aurrerantzean Segurako notarioa
Aurrekoek ez bezala, euskaraz egiten du Longartek. Urriaren 23an hartu zuen kargua Bilbon. Goierrin Beasainen, Ordizian, Zumarragan eta Seguran daude notaritzak
Maria Longarte Ulazia tolosarra izango da Segurako notaritzako notario berria. Urriaren 23an hartu zuen kargua Bilbon, Euskal Herriko Notario Elkargo Txit Prestuaren egoitzan. Euskal Herriko notarioren bat egon da Seguran, baina azken urteetan, euskaraz dakien lehenengoa izango da.
«Hemen inguruko udalerrietan nik uste dut asko eskertzen dutela euskaraz jakitea, gai konplexuak izaten dira eta azkenean lasaiago hitz egiten duzu ama hizkuntzan», agertu du Longartek. Zuzenbidean eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua, euskaraz eta gazteleraz ez ezik ingelesez eta frantsesez ere badaki. «Gogotsu nator Goierri alde honetara lanera, behin oposaketa bukatuta».
Bi urtez behin izaten dira notario posturako oposaketak. Aurtengoa Andaluziako Notarioen Elkargoan egin da, eta Longartek Granadan egin ditu azterketak. Euskal Herrirako zegoen plaza bakarra egokitu zaio: Seguran. Herri txikia izanik, garrantzia historikoagatik dauka notaritza Segurak, eta inguruko herrietan ez dagoenez, bertara jotzen dute inguruko goierritar askok. Goierrin, Seguraz aparte, Zumarragan, Ordizian eta Beasainen daude notaritzak.
Kontu batzuetarako udalerriko notaritzara joatea derrigorrezkoa da, baina beste gauza batzuetarako, salerosketa baterako, adibidez, erosleak aukera dezake nora jo: «Goierrin nik uste joera gertuenera joatea dela».
Lau arlo nagusi
Longartek azaldutakoaren arabera, lau alor nagusitan egiten dute lan Segurako notaritzan: enpresak, partikularrak, asesoria eta baserrien legalizazioa.
Enpresei dagokienez, estatutu aldaketak, administratzaileen izendapenak edota akten altxatzeak egiten dituzte, besteak beste. Partikularrekin salerosketak, hipotekak, herentziak edota testamentuak egiten dituzte batik bat. Beste arlo bat asesoria gisa egiten duten lana izango litzateke: «Zaintza bereziak behar dituzten pertsonen babeste lanak izaten dira». Eta azken arloa landa eremuan ematen dena da: «Landa eremua izanda, Seguran egiten ditugun operazio asko baserriekin eta lurren segregazioarekin loturikoak izaten dira», adierazi du Longartek.
Segurako notaritza orain arte egon den leku berean dago, hau da, Zurbano kaleko 17. zenbakian, eta ordutegiak ere berdin jarraitzen du: 09:00etatik 14:00etara dago irekita.