Urretxuko Udalak zurrumurruen aurkako agenteak heziko ditu
Formazio saioak hilaren 16, 23 eta 30ean izango dira. Ikuspegiko teknikariek, Jon Maiak eta Monica Leivak gidatuko dituzte. Izena emateko udaletxera deitu behar da, gaur bertan
Urretxuko Udalak, hirugarren urtez jarraian, zurrumurruen aurkako hiru prestakuntza saio antolatu ditu. Hilaren 16, 23 eta 30ean izango dira, 10:00etatik 12:00etara. Saioak, ahal dela, aurrez aurre egingo dituzte. Egoerak okerrera egiten badu, online egingo dituzte.
Saioetan parte hartzen dutenek kulturari eta identitateari, estereotipoei eta aurreiritziei eta zurrumurruak sortzeko eta zabaltzeko mekanismoei buruzko informazioa jasoko dute. Horretaz gain, komunikazio eta elkarrizketan tekniketan trebatuko dira.
Egitasmo honen helburuak bizilagunek elkar ezagutzea (bizikidetza errazteko); zurrumurru, estereotipo eta aurreiritzien jatorriari buruz hausnartzea eta zurrumurru zabalduenei aurre egiteko tresnak eta argudioak eskaintzea da.
Datorren asteleheneko saioan immigrazioaren inguruko estereotipo eta zurrumurruei buruzko hitz egingo dute. Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiak immigrazioaren egungo egoerari buruzko datu zehatzak emango ditu eta zurrumurru nagusiak zeintzuk diren ezagutzera emango du.
Hilaren 23ko saioan, berriz, Jon Maia bertsolari urretxuarrak frankismoaren garaiko immigrazioari lotutako aurreiritziei eta klixeei buruz hausnartuko du. Solasaldiaren izenburua Frankoren garaiko emigrazioa: Extremaduratik bertsolaritzara, auzoetatik plazara da.
Bukatzeko, hilaren 30ean Monica Leiva kazetariak zurrumurruei aurre egiteko estrategia komunikatiboen berri emango du.
Urretxuko Udalak 2018an jarri zuen abian zurrumurruen aurkako borroka eta egun bizi dugun egoeran zurrumurruei aurre egitea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste du. «Une zailetan zurrumurruak areagotu egiten dira, gorroto diskurtsoak sostengatuz, diskriminazio handiagoa sortuz eta auzokideen arteko bizikidetza zailduz».
Hori dela eta, datozen hilabeteetan zurrumurruen aurkako estrategia indartuko du eta herritarrak zurrumurruen aurkako prestakuntza saioetan parte hartzera animatu ditu.
Gaur da izena emateko azken eguna. Horretarako, 943 03 80 83 zenbakira deitu behar da edo aniztasuna@urretxu.eus helbidera mezu bat bidali.
Ormaiztegin ere bai
Zumalakarregi museoak ere zurrumurruen aurkako saioak antolatu ditu. Lehen bi saioak hilaren 4an eta 5ean izan ziren eta azkena gaur bertan izango da, 18:30ean. Leivak hilaren 30ean Urretxun emango duen tailerra emango du. Parte hartzeko 659 43 45 66 zenbakira Whatsapp mezua bidali daiteke, 943 43 45 66 zenbakira deitu edo mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera mezua bidali.