Obrak amaituta, San Ignazio auzoa berrituta eta itxura atseginagoarekin
Oinezkoen eta ibilgailuen bizikidetza eremua da lanen emaitza. Egurrak toki esanguratsua hartu du gune berrituan. Haurren parkean pergola bat egiten ari dira
San Ignazioko biztanleek berreskuratu dute auzoko kale nagusia, hirigintza lanak egiteko sei hilabetez itxita egon ondoren. Obrak ez dira erabat amaitu, baina itxura berritua, jasangarriagoa eta atseginagoa du orain.
Urbanizazio berdea izan du oinarrian proiektu horrek, eta klima aldaketara egokitzeko irtenbide berritzaileen erabilera izan da bere ezaugarri nagusia. San Inazioko 5. ataritik 15. atarirako tartean egin dituzte lanak, hau da, Olazabal institutuko bidegurutzetik aldaparainoko gunean, eta begiratokia ere hartu dute. Kostua 549.975,92 eurokoa izan da; udalak 419.954,26 euro jarri ditu Europar Batasuneko Life: Good Local Adapt programatik iritsitako diru laguntzari esker, eta Gipuzkoako Urak erakundeak 130.021,66 euro ordaindu ditu. Lanak Artzamendi SL enpresak egin ditu.
Lanak, amaitzear
Lanen emaitza oinezkoen eta autoaren bizikidetza eremua da. Oinezkoentzako gunea egokitu dute eta errepideko zorua berritu dute, zoladura iragazkorra jarrita. Zoladurarako kolore argiagoa erabili dute gainera, udan tenperatura murrizteko asmoz. Oinezkoen gunea eta ibilgailuena bereizteko egurrezko zutoinak jarri dituzte, baita begiratokian ere. Bestalde, harrizko paretaren zati bat egurrarekin ordezkatu dute, lorontziak sortuz.
Euri urak haur parkean eraikitako biltegi batera bideratzeko lanak ez dituzte oraindik amaitu. Etxebizitzen hormetako hezetasunak murriztea da lan horren helburua, eta bildutako urak ureztatzeko berrerabiltzea.
Haur parkean, bestalde, egurrez eta landarez egindako pergola bat eraikitzen ari dira egun hauetan. Zuhaitz gehiago landatzea ere aurreikusita dago, baina aurrerago egingo dute.
Auzotarrak pozik daude ingurune horrek hartu duen itxurarekin, baina eserlekuak falta direla diote.