Ortzadarreko kideen argazki erakusketa ikusgai dago Barrenan
Urteroko konpromisoari eutsi dio Ordiziako Ortzadar argazkilaritza elkarteak eta iragan ostiraletik ikusgai daude bederatzi bazkideren 27 obra. Erakusketaren helburua da bisitaria argazkilaritzara gerturatzea. Abenduaren 5era arte ikus daiteke, Barrenan, 18:00etatik 20:00etara. Bederatzi argazkilari hauek, beraien begietatik jaso eta kamerarekin izozten saiatu diren momentuetan murgiltzeko gonbita luzatzen diete herritar guztiei, argazkilaritzagatik duten pasioaz busti daitezen.
Bestalde, gogorarazi nahi diete argazkilaritzak interesa pizten dien haiei, asteartero Barrenan duten lokalean elkartzen direla elkartekideak, argazkigintzaren inguruan sortzen diren askotariko gaiei buruz hitz egiteko, esperientziak elkarbanatzeko edo irteera eta tailerrak antolatzeko.













