Udala, ostalaritzarekin
Harremanetan daude bi aldeak, laguntza ildo berriak martxan jartzeko asmoz. Herritarrek ostalariei erakutsi dieten babesa nabarmendu du udalak. Ezinbesteko sektoretzat jo du
Legazpiko Udalak kaleratu duen ohar baten bidez kezka agertu du COVID-19a dela-eta herriko ostalariek bizi duten egoeragatik. Hori dela eta, azken egunetan sektoreko langileekin bilerak egiten ari dela jakinarazi du, haien eskaerak entzun eta laguntza berriak martxan jartzeko.
Ostalaritza Legazpiko eragile ekonomiko bat dela diote udal ordezkariek, eta kaleak bizirik mantentzeaz gain, beste jarduera batzuk mantentzen ere laguntzen duela. Aurten, COVID-ak eragindako krisi ekonomikoak sektorea gogor jo duela nabarmendu dute, eta bizi duen «egoera zailaz» jakitun direla. Legazpiarrek ostalariei erakutsi dieten babesa ere azpimarratu dute.
Merkataritzari mesede
Legazpiko Udalak argi du ostalaritzak «bizia» ematen diela kaleei, eta herriko eragile ekonomikoetako bat dela. Ostalaritzak beste jarduera ekonomiko batzuei eusten diela diote, «hala nola, banaketa enpresei edo tokiko merkataritzari». Gainera, ostalaritzari esker, «jendea ibiltzen da kalean eta jendearen joan-etorri hori mesedegarria da tokiko merkataritzarentzat».
Legazpi «bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko herri erakargarria» izatea nahi duela esanez amaitu du oharra udalak, eta horretarako, «ostalaritza behar dugu, ezinbestean».
Diru laguntzak aurreratzeko sozialisten eskaera
Enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza suspertzeko udalak ematen dituen diru laguntzak irailean eman beharrean, urtarrilean eman ditzala eskatu du Legazpiko PSE-EEk. Diru laguntza horiek 2019an jarri zituen martxan lehen aldiz udalak sozialistek proposatuta, eta «Legazpiko tokiko jarduera ugarik berrikuntzak egiteko eta unean uneko errealitate berrira egokitzeko» balio izan dutela diote. 2021ari begira, diru laguntza horiek udal aurrekontuak onartu ondoren, urte hasieran bertan martxan jartzea eskatu dute sozialistek udal gobernu batzarrean. Modu horretan,«laguntza lerro hori urteko lehen hiruhilekotik egongo litzateke eskuragarri, eta udalak ziurtasuna emango liekee mikroenpresei, autonomoei eta tokiko merkataritzari, laguntza publikoarekin inbertsioak egin ditzaten».Azkenik, Legazpiko PSE-EE «pozik» agertu da COVID-19ari aurre egiteko inbertsioetarako diru laguntzen gehienezko kopurua 600 eurotik 4.000 eurora igotzea erabaki duelako Udal Gobernuak. 600 euroko muga «eskasa» zela esan dute, eta «laguntza programa bere helburuaren % 15era baino ez iristea» ekarri duela horrek.