Ordizian 0-3 etapa galtzeko zorian
Dendari, zahar-etxeko aiton-amona eta langileoi, kiroldegikoei, elkarrekin paseoa egin dugun Goazen Ordiziako guztiei, suhiltzaileei, baserritarrei, askotan txupatxusa oparitu diguten Txemi eta Nievesi, okindegian ogia oparitu diguzuenei, asteazkenero azokan parte hartzeko aukera eman diguzuenei…
Argitu nahi dizuegu aurten gure eskolako bi urteko haurren taldetxoak ikusteko aukerarik ez duzuela izango Alotzari ez dagozkion arrazoiengatik. Zalantzarik sortu ez dadin, garbi utzi nahi genuke gure eskolaren asmoa, azken 43 urteetan bezalaxe, 0-3 etapa lantzea dela.
Horregatik, espero dugu Alotzarengandik kanpo dauden arazo hauek konpontzea eta gure eskolari, hau da, Ordiziak duen 0-3 Hezkuntza Proiektuari, bere espazioa eta dagozkion lineak mantentzeko aukera ematea.
Bestalde, adierazi nahi dugu Ordizian hiru hezkuntza proiektuekin hainbeste urtetan elkarrekin arazorik izan gabe, batak besteari oztoporik jarri gabe, lan egiten jarraitzea izango litzatekeela bidezkoena.
Alotza Haur Eskolak 0-3 etapa defendatzen jarraitzen du, herriko txikienak bagara ere, haurren garapen prozesuan oso garrantzitsua den etapa honetaz gozatzeko aukera ematea ezinbestekoa baita, ordiziar guztientzat eta kanpotik etortzen zaizkigunentzat.
Orain arte bezala lanean jarraitzeko gogoa eta asmoa dugu, guretzat helburu funtsezkoena haurrak zoriontsu izatea delako. Horretarako ezinbestekoa da beraien eta gure arteko lotura afektiboa sortzea, bakoitzaren garapen prozesua gertutik jarraitzea, ahal duten guztia esperimentatzeko aukera ematea, bidean oztoporik ez izatea, gure eskola bigarren etxea bezala sentitzea, eta haurreskolako taldetxo bakoitza beraien bigarren familiatxoa izatea.
Mila esker ordiziar guztiei haurrekiko izan duzuen gertutasunagatik eta zuen besoak gure haurtxoentzat beti irekiak izateagatik.
Benetan espero dugu Alotza Haur Eskolaz kanpo dauden arazoengatik gu kaltetuak izaten ez jarraitzea, eta gure haurreskolan sortu den pitzadura handia denon artean ixtea, gure eskolak aurrera egiteko aukera bakarra izango delako.
Laster izango gara berriro gure haurrak duten zoriontasun hori guztia zuekin partekatzen herriko0 bazter guztietan.













