Asteasuko Beñat Beobidek irabazi du gazte mailako Aurresku Txapelketa Nagusia, 2005ean eta 2006an jaiotakoen D mailan
Finala Legazpin jokatu da, Latxartegi Aretoan. Maren Goyak jaso du jantzi onenaren saria, eta Mattin Etxebestek D kategoriako ligaren irabazlearena.
Asteasuko Beñat Beobidek irabazi du gaur Legazpin jokatu den Gazte Mailako Aurresku Txapelketa Nagusia, D kategorian (2005ean eta 2006an jaiotakoak). Hala erabaki dute Jose Luis Vallejo, Katerin Artola eta Nahikari Vizuete epaileek, Latxartegi aretoan Goiz Deia txistulari bandako kideen doinuez lagunduta Ehun dukat, Aurkez aurke eta Agurra dantzatzen Gipuzkoako 14 gazte ikusi eta gero. Beobiderekin batera, Gorka Duran eta Maitane Irurzun haren irakasleek ere jaso dute saria.
Goierriko ordezkari bakarra Legazpiko Sustraiak dantza taldeko Markel Garmendia izan da. Saioaren amaieran Idoia Narbaiza, Ane Arrizabalaga, Irati Olaiozla eta Nahia Lopez irakasleekin batera elkartu da argazkia ateratzeko. Pozik geratu dira guztiak Garmendiak egindako lanarekin.
Sari banaketa
D kategoriako irabazleak buruzagi makila eta garaikurra jaso ditu, eta hurrengo bost sailkatuek, garaikurra: Oiartzungo Beñat Etxebeste izan da bigarrena, Elgoibarko Markel Goneaga hirugarrena, Elgoibarko Eneko Etxaniz laugarrena, Lezoko Olatz Azkue bosgarrena eta Amasa-Villabonako Maren Goya seigarrena.
Jantzi egokienaren saria, berriz, Maren Goyarena izan da, Isabel Aztiria eta Maria Luisa Mendizabal epaileen erabakiaren arabera. Beste sari bat gehiago ere banatu da gaurko saioaren amaieran, txapelketa honetako D kategoriako ligaren irabazlearena. Mattin Etxebestek jaso du.
Sariak Legazpiko kultur zinegotzia den Iñigo Imazek eta Sustraiak dantza taldeko Amaia Perezek banatu dituzte.
A eta B mailetako finalak aurreko astean jokatu ziren Errenterian. Enara Artola lezoarrak irabazi zuen A kategorian, hau da, 2010, 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoen artean, eta Maddi Davila villabonarrak B kategorian (2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoak).
Hona hemen finaleko argazki galeria: