Zuhaitz eguna heskai mistoa egiten hasteko baliatuko dute Itsasondon
Zuhaitz Eguna egingo dute Itsasondon, larunbatean. Herriko plazan 10:00etan elkartu, eta trenbidearen alboko parkera joango dira, landaketak egitera. 100 metro luze izango duen heskai bizia egiten hasiko dira. Heskai biziak landare-formazio aberatsak dira, non zuhaitzak, zuhaixkak eta belarrak, bertan bizi diren animaliekin nahasten diren, ekosistema txikiak eratzeko.
14 espezie desberdinetako 150 landare jarriko dituzte; elorriak, gartxuak, gurbitzak, marmaratilak edo zuhandorrak tartean. Ondorio onuragarrien artean, lurzoruak busti, mantenugaiak birziklatu, haizearen eta kutsaduraren aurka babestu eta muturreko tenperaturak leuntzen dituzte. Heskai mistoek, gainera,paisaia edertzen dute, fauna elikatzen dute eta klima-aldaketa eragiten duten berotegi-efektuko gasak biltegiratzen dituzte.












