Argentinako Viedmako Euskal Etxetik irten eta Segurara iritsiko da kutxa
Iparra-Hegoa elkarteak 'Bizi gira...kutxa bira!' ekimena antolatu du: Euskal Herria eta diaspora zeharkatuko du herriz herri aldarriz betetako kutxak. Astelehenera arte eman daiteke izena
Iparra-Hegoa ekimen politiko-kulturalak dinamika berri bat jarri du martxan Bizi gira… kutxa bira! lelopean. 26 urte betetzen ditu aurten Iparra-Hegoak, eta pandemia dela eta ekitaldi jendetsurik ezingo dute egin, baina Euskal Herri osoa eta diaspora zeharkatuko dituen ekimena abiarazi dute. Atzo eguerdian egin zuten aurkezpena Iruñean.
Zurezko kutxa bat izango da dinamikaren ardatza. Argentinako Viedma hiriko Euskal Etxetik abiatuko da kutxa martxoaren 20an, eta Segurara iritsiko da maiatzaren 30ean. Euskal Herriari bira ematen ariko da bi hilabetez, beraz, eta herri izaeraren eta euskaraz bizitzearen aldeko aldarria izango da.
Astelehenera arte
Ez da biraka ibiliko den zurezko kutxa soil bat izango, aldarriz eta ametsez beteko baitute bi hilabete horietan. Otsailaren 22ra arte, hau da, astelehenera arte, zabalik egongo da parte hartzeko izena emateko epea. Bizi gira…kutxa bira! twitter kontura idatzita eman behar dute izena interesa dutenek. Elkarteek, ikastetxeek, udalek zein bestelako eragile edo taldeek har dezakete parte Kutxa Biran. Kutxa herri bakoitzera iristearekin batera, ekitaldi bat antolatuko dute, herri bakoitzean erabakitzen duten moduan.
Bideo bat egingo dute parte hartzaileek kutxaren iritsiera ospatzeko, eta mezu bat ere utziko dute: aldarrikapen bat sartu beharko dute. Gainera, hurrengo herrian irakur dezaten gonbidapen agurra idatziko dute. Herri bakoitzak egingo dituen aldarrikapenez gain, manifestu bat izango du barruan kutxak, herri guztietan irakurriko dutena. Atzo aurkeztutako ekimena denez, Goierriko herrietan oraindik ez dute izenik eman, Seguran izan ezik, bertan amaituko baitute ibilbidea.
Idoia Lopetegi Iparra-Hegoa taldeko kideak azaldu duenez, Seguran egingo duten ekitaldiaren nondik norakoak aurrerago zehaztuko dituzte: «Oraindik erantzunen zain gaude. Segurako ekitaldiak oraindik ez du formarik, eguna gerturatu ahala prestatuko dugu».













