«Herritik kanpora lehenengo kontzertua Lazkaon izan nuen»
Euskal herri-musika ikertzen, biltzen eta zabaltzen bada nor Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947). Gaur Lazkaoko Arerian ariko da taldearekin, 'Hots larretan' emanaldian.
Zer eskaintzen duzue ‘Hots larretan’ emanaldian?
Hots larretan proiektua ez da oraingoa, 2014an argitaratu genuen lana. Orduan jira moduko bat egin genuen, dozena bat edo hamabost kontzertukoa. Gero, beste batzuk egin ditugu formatu txikiagoan, eta oraindik ere, tarteka, sortzen dira aukerak berriro emateko. Gu gustuz, sortzen direnean aprobetxatzen ditugu aukerak, guk ere asko gozatzen dugulako.
Zer formatutan ariko zarete gaur iluntzean Lazkaon?
Formatua orain txikiagoa darabilgu. Lehen sei musikari, bi dantzari eta Andoni Salamero poeta ibiltzen ginen, 9 ginen oholtzan. Orain lau musikari eta Andoni, bost joango gara.
Andoni Salamero zumarragarra ere tartean da.
Andoni gabe ezingo genuke emanaldi hau eskaini. Hots larretan hotsen elkartze edo festa bat da. Gure bizitzaren egun batean zer hots eta zer musika entzun daitezkeen narratzen da. Egunsentia piezarekin hasten da emanaldia. Dena erdi metaforikoa eta erdi sinbolikoa da, baina urrats eta momentu guztiak josi behar direnez, Andonik bere poesiarekin josten du dena.
Zein ariko zarete taldean?
Inportantea taldea da. Gidari, aurkezle eta zuzendari gisa Andoni Salamero ariko da. Perkusioa asko entzuten da: txalapartak, danborrak, kainaberak, txaramelak… Itziar Jauregi eta Ander Barrenetxea dira jotzaileak. Haiek dira ahots nagusiak ere. Errege Belda, berriz, akordeoiarekin. Kantatu, denok kantatzen dugu uneren batean.
Ni, gure herri musikan entzun diren eta entzuten diren sokazko arrabitak, ttunttunak, flautak, alboka, xirulak… horiekin hor nabil, momentu batetik bestera, horiek guztiak sartzen.
Ia etxetik irten ezin gaitezkeen garaiotan, egun bete baten kontakizuna, beraz, amesgarri.
Emanaldi berezia da, eta jendeak gozatuko du. Kantu bateko emanaldia da nolabait, egunsentiko momentutik hasi, eguerdian festa giroko uneak, bazkal ondokoak, ilunabarreko artaxuriketa momentuak, plazako akzen dantzarena, neska laguntzea… Horrela, egunsentian hasi, eta eguna pasata bukatzen da. Azken piezaren titulua Lo ametsetan da. Historia bat, 70 bat minutukoa. Denak gonbidatuta daude Lazkaoko Areriara.
Lan askorekin ibiltzen zarete aldi berean, ala eskatu ahala?
2014ko Hots larretan honen ondoren, enkargu bat izan genuen, Pasaian antolatzen den itsas festibalerako eskatu ziguten kontzertu bat, kostaldeko musikena. Azken diskoa Kostaldeko soinuak izan da. Euskal itsas kostaldetik paseo bat da, Baionatik hasi eta Portugaleteraino. Orain biekin gabiltza.
Lazkao ez duzu ezezaguna izango, zeu Etxarrikoa izanda.
Sortzez, Donostian sortu nintzen. Ni jaiotzerako etorri zen ama zena hona. Baina, gero, 15 urte bitartez Etxarri Aranatzen bizi izan nintzen. Musikan han hasi nintzen 7 urterekin, Musika Bandan ere bai gero. Etxarritik kanpo emandako lehenengo kontzertua Lazkaon eman nuen, gainera. Etxarriko Musika Bandarekin izan ginen, Lazkaoko festetan. 12 bat urte izango nituen nik. Bazkaltzeko eta afaltzeko zer eman ziguten ere gogoratzen naiz.
Geroztik ere Lazkaon izanak gara. Soinuenea Oiartzungo museoko erakusketa ibiltaria han antolatu genuen, Astotxo festaren inguruko programazioan, Eguberri batzuetan. Horren inguruan ere, Euskal Herriko soinu tresnen emanaldia egin genuen, baita ere.
Orain ere lanean jarraitzen duzu. Beti lanean, ikertzen, gozatzen?
Hori da: beti gozatzen. Bestela, zertara etorri gara, bada, hona? Orain proiektu berriena kostaldeko musikarekin dugu. Bestela, bereziki momentu honetan, Oiartzungo Soinuenean, barruko gure gauzetan ari naiz asko: tresnak konpondu behar direla, eguneratu, fitxak egin, soinu tresnen historiak egin…
Bestetik, proiektu berri bat daukagu museoan, eta buru-belarri horrekin hasita nabil. Soinu tresnen entziklopedia bat osatu nahian ari gara, eta ea bost urtean bukatzen dugun. Horretan ari zarela, noski, aurkitzen duzu tresna berri bat, edo albiste bat, edo doinu berriren bat… Proiektuak sortuz ari gara, bestela ezingo genuke ezer sortu. Egunero sortzen eta gordetzen, bihar proiektu berri bat izango delako.