Akordioak eta guztien artean gobernatzea eskatuta, PSE-EE abstenitu
PSE-EEko ordezkariek ere prentsaurreko agerraldia egin zuten astelehenean, mankomunitateko asanbladan izango zuten postura ezagutzera emateko.
Hasteko, Mikel Serranok EAJren jarrera salatu zuen. «2019ko aurrekontuarekin gaude, iaz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirelako eta EAJk ez zuelako argazkian EH Bildurekin atera nahi».
Mankomunitatean alderdi guztiak gobernu direla, eta denen parte hartzea bultzatu behar dela ere esan zuen. «Desadostasunak eztabaidarako erabili behar dira, ez gainontzeko alderdiei erasotzeko».
EAJk eta EH Bilduk Elkarrekin-Podemoseko ordezkariak exekutibatik kanpo utzi izana ere kritikatu zuen. «Beraien gehiengoa erabili zuten Elkarrekin-Podemos exekutibatik kanpo uzteko, alderdi guztiek ordezkaritza eduki behar dutela dion arau ezidatzia hautsiz».
Bestalde, EH Bilduk Mankomunitatearen 2021eko aurrekontuei egin dizkieten ekarpenen garrantzia gutxietsi zuen. «Beraien ekarpenak bezala aurkezten dituztenak, lehiakortasun estrategiaren barruan zeuden».
Bukatzeko, ez zutela aurrekontuen aldeko botoa emango aurreratu zuen.«Akordioetara heldu nahi dugu. Guztion artean gobernatu nahi dugu». Sozialistak abstenitu egin ziren bozketan.