Pintxo bereziak azokako gaiekin eginak
Plaza erdian propio jarritako tranpaldoko sukaldean aurkeztu dute ekimena. Bestalde, erramua, landare eta barazki berri dezente izan da azkeneko Ordiziako azokako postu askotan.
Ordiziako Udalak eta Azokak, Ordiziako azokaren pintxoa egitasmoa aurkeztu eta martxan jarri zuten atzo. Herrian azokako produktuen presentzia sustatu, eta eskaintza bertako eta garaiko produktuekin identifikatzea lortu nahi da. Ordiziako ostalariak daukaten pintxo eskaintzan berariaz egingo duten azokako pintxoa nabarmenaraziko dute, udaletxekoek banatu duten Ni ere Ordiziako azoka naiz irakur daitekeeneko bereizgarriaren bidez. Gaur-gaurkoz, 1990 Gastroteka, Hotel Ordizia, Kantoi, Leizea, Martinez, Pottoka eta Txindoki dira ekimenarekin bat egin dutenak.
Pintxo hau kontsumitzen duten bezeroei txartel bana emango zaie, eta zozketa batean parte hartzeko aukerarekin. 2021 urtean zehar pintxo berezi hauen promoziorako ekimenak lantzea da helburua, hala nola, azokako webgunean zintzilikatuko diren pintxoen errezeten bideoak, Ordiziako esku orri turistiko berrian joango den azokako pintxoen ibilbidea, etab.
Plaza Nagusiko erdigunea sukalde bihurtu zen atzo. Bertan, Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntzako Ane Otegik brokolia, baratxuri beltza eta Idiazabal Gazta erabiliz prestatu zuen platera. Lehen ere egin izan zuten moduan, berriz ere Goierriko sukaldariek Ordiziako azokako produktuekin egindako errezeta bat prantatuko dute. Informazio puntuan errezeta hori eskura izango da.
Sailez sail eskaintza berria
Barazki berrien artean, aire libreko ilarra Miren Jauregi aramarrak Lincoln motakoa 13 euroan kiloa leka eta guzti eta Caparrosoko orburuak duela gutxi etortzen hasi den bikotearen baratzekoak 4,5 euroan kiloa.
Landareetan piper italiarra, kalabaza eta Katon tomatea gehitu behar zerrendara baina oraindik erne! Herenegungo bezalako izotzarekin kitto geldituko liratekeelako aire librean landatuz gero.
Udaberriko zizak 4 kilo atzo, joan zen asteko prezio berean 120 euroan kiloa.
Bestalde ohiko legez, egutegi beharrik ez Erramu igandearen gertutasunaz jabetzeko, adar ugari postu askotan 1-2,5 euroan bakoitza.
Ekoizleen produktu eskaintzak ez du aitzakiarik. Azokako antolatzaileek bezeroak erakartzeko ahaleginetan dabiltza. Azokak behar duen bultzada ematea bezeroen esku, hark baitu azken hitza.