Silverstorm El Salvadorren aurka neurtuko ditu indarrak Ampo Ordiziak
Liga erregularra bukatzeko lau partidaren faltan, Sevillara joango dira ordiziarrak asteburuan. Garaipenarekin, Play Off-ak Altamiran jokatzetik gertuago izango litzateke Ampo Ordizia.
Azken asteetako errugbiko Ohorezko Mailako ligako etenaren ondoren, Ampo Ordiziak larunbatean Valladoliden jokatuko duen partidan du jarrita burua. Silverstorm El Salvador taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Ondo bidean, Pepe Rojo zelaian jokatuko dute partida, 16:30ean hasita, beraz, ostiral arratsaldean bidaiatuko dute Ampo taldeko mutilek, Valladolid aldera.
Bigarren itzulia amaitzeko lau partida falta dira oraindik, eta ondoren Play Off-ak jokatuko dituzte. Talde ordiziarrak Play Off-etarako postu bat ziurtatuta du, baina kantxa faktorea oraindik jokoan dago. Liga honetan etxean edo kanpoan jokatu alde handia dago, eta Play Off-etara begira, lehenengo bi postuetan geratzen direnek, etxean jokatuko dute finalera arte behintzat. Beraz, oraintxe garrantzitsuena da, sailkapen taularen goren mailan geratzea. Momentu honetan laugarren da sailkapen nagusian, eta aurretik ditu Silvertorm El Salvador hirugarren postuan baina puntuetan berdinduta, Lexus Alcobendas da bigarren eta Quesos Entrepinares da lider.
Iñigo Marotias taldeko entrenatzaileak, asteburura begira kontatu du, taldea «ongi» aurkitzen dela, «bi asteburutan etena izan dugu, eta jokalariei dagoekienez, jokalari ia guztiak jokatzeko moduan egongo direla uste dut, nahiz eta oraindik jakin behar dugun, Espainiako selekzioak Ampo Ordiziako jokalariak deituko dituen ala ez, eta horren arabera, hartuko ditugu asteburura begirako erabakiak, baina orokorrean, ongi gaude».
Aurtengo liga berezi honetan bigarren itzuliak duen zailtasun gehigarriaz ere hitz egin du: «Partida guztiak oso gogorrak izango dira, kontuan izan behar da, ligaren lehen itzulia sailkapenaren lehen sei postuetan amaitu genuen taldeak gaudela, beraz, ligako talde indartsuenak gaude».
Etxetik kanpo jokatzea baino beti nahiago da etxean jokatzea, baina asteburuan, Valladolidera bidaiatu beharko dute Ampo Ordiako mutilek. Valladolid gainera, ez da lurralde erraza. Larunbatean, Pepe Rojo zelaian izango da norgehiagoka. Marotiasek gogoratu du denboraldi honetan Valladolidera bitan bidaiatu eta ez dutela garaipenik lortu.
Gainera bada gehiegi lagunduko ez duen bete faktore bat. Larunbateko partidan publikoa egongo dela. «Ohitu gara zale gabe jokatzera, etxean, Altamiran behintzat hala ari gara, baita beste komunitate autonomo batzuetara bidaiatu dugunean ere, baina Valladoliden, publikoa egongo da, beraien zalegoa batez ere, eta horrek presioa ere sortzen du, dena den, Valladoliden garaipenak ere lortu izan ditugu, eta uste dut, oraingo honetan ere oposible dugula irabaztea, zergatik ez?».













