Zibersegurtasunerako kontzientziazio saioak egingo dituzte Zegaman
Zegamako Udal Gazteria sailak antolatu ditu nerabeentzat zein nerabeen gurasoentzat izango diren jardunaldiak. Besteak beste, ziberbullyinga edo sare sozialen menpekotasuna landuko dute
Zegamako Udal Gazteria Sailak zibersegurtasunaren inguruan kontzientziatzeko jardunaldiak antolatu ditu, Gaztematika, Basque Cyber Security centre, Spri taldea eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Nerabeen gurasoei eta nerabeei zuzendutako saioak izango dira. Lehenengo saioa ostiralean izango da, nerabeentzat, Zegamako ludotekan 16:30etik 20:30era bitartean. Udaleko gazteria suspertzailea jarriko da gazteekin harremanetan saioaren berri emateko.
Bigarren saioa, berriz, gurasoei zuzendutakoa izango da, datorren asteazkenean, apirilak 21, Zegamako Jabier Otaegi kultur etxean, 18:30etik 20:30era bitartean: Nerabezaroa konektaturik. Internet, mugikorrak eta sare sozialak, ezinbestekoak seme-alabentzat?. Saio horretan parte hartzeko aurrez izena eman behar dute interesa duten gurasoek, liburutegira idatzita edo 690 264 843 telefono zenbakira deituta.
Gurasoen saioaren helburua «online teknologien erabileraren aurrean aurkitu daitezkeen aukera eta arriskuen jatorriak eta ondorioak aztertu eta nerabeak lagundu eta babesteko sustatu daitezkeen prebentzio neurriak aztertzea» izango dela azaldu du udalak ohar batean. Hainbat gai landuko dituzte. Tartean, Internet, gailu eramangarriak eta aplikazioak, sare sozialak, pribatutasuna eta nortasun digitala, edo smartphone eta beste gailu eramangarriak izango dituzte mintzagai.
Horiek sor ditzaketen egoerak ere izango dituzte aztergai: besteak beste, grooming-a, sexting-a, sextorsioa, Internetarekiko dagoen menpekotasuna edo Internet eta legearen aurreko erantzukizunak. Irtenbide bat emate aldera, Interneteko edukiak modu seguruan kontsumitzeko aholkuak eta erremintak azalduko dituzte.
Azkena, hilaren 23an
Hiru saio izango dira guztira, bat gurasoentzat eta bi nerabeentzat. Zibersegurtasunerako kontzientziazio jardunaldiei amaiera emateko, nerabeei zuzendutako beste saio bat egingo dute hil bukaeran. Apirilaren 23an izango da, ludotekan, 16:30etik 20:30era.












