Goialdeak ere goia jo dezan
Zumarragako Udala goiko auzoetako bizilagunen bizitza hobetzeko hainbat obra egiten ari da. Espaloi berriek eta Orbegozo eta San Isidro lotuko dituen igogailuak irisgarritasuna hobetuko dute.
Zumarragako Udala goialdeko auzoetako bizilagunen egunerokoa errazteko lan egiten ari da. Egitasmo horren barne, bi proiektu garrantzitsu daude martxan: goialdeko auzoak urbanizatzeko obraren bederatzigarren fasea eta Orbegozo auzoa San Isidro eta Elgarrestamendirekin lotuko dituzten igogailua eta pasarela.
Goialdeko auzoen zaharberritzea hamar fasetan egingo da. Zortzigarrena 2019an egin zen. Egun, bederatzigarrena egiten ari dira: ospitaleko bidegurutzetik Argixao adinekoen egoitza parera doana. Lanak bide onetik doaz eta obra ekainean amaitzea espero dute.
Obra Campezo enpresari esleitu zitzaion eta aurrekontua 434.000 eurokoa da. Saneamendu azpiegiturak, espaloiak eta eskailerak berritu dituzte. Espaloi berriak zaharrak baino zabalagoak dira eta eskailerek egungo araudia betetzen dute. Espaloi metro batzuk eta eskailera batzuk berritzeko daude oraindik. Gainera, errepidea eta aparkalekuak asfaltatu eta hiri-altzariak berrituko dituzte.
Udalak adinekoen egoitza pareko eskaileretako bat kendu du, zimendatzerik ez zuelako. Oraindik ez dute erabaki ordezkoa egingo duten.
Goialdean beste obra bat ere egiten ari dira: Argixao auzoaren urbanizazioa.
Lan hauen guztien helburua irisgarritasuna hobetzea da. Helburu berarekin, igogailu bat eta pasarela bat egiten ari dira. Herriaren goialdea eta behealdea lotuko dituzte.
GI-2632 errepideak Zumarraga goialdea eta behealdea bitan zatitzen ditu. Goialdeko bizilagunek eskailerak eta bide aldapatsuak jaitsi behar dituzte erdigunera joateko edo itzulinguru handia egin. Eta goialdeko bizilagun asko adinekoak dira. Hala, nahi baino gutxiago jaisten dira erdigunera.
Igogailu eta pasarela berriari esker, erdigunera jaistea eta etxera itzultzea erosoagoa izango da. Igogailua kiroldegiaren atzealdean egongo da (Esteban Orbegozo auzoan) eta berari lotuta egongo den pasabideak GI-2632 errepidea zeharkatuko du. Kiroldegiaren alboan beste igogailu bat dagoenez, bizilagunak kiroldegitik San Isidro auzoraino aldaparik eta eskailerarik igo gabe joan ahal izango dira.
Igogailuak bi geldialdi izango ditu: bata Euskal Herria hiribideko espaloian eta bestea Elgarrestamendi eta San Isidro artean dagoen aparkalekura eramango duen pasarelan.
Aurrekontua 600.000 euro ingurukoa da eta udalak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzak lortu ditu. Igogailu berria udan inauguratuko da.