Garapenaren aldeko eta kultur ekimenak sustatzeko diru laguntzak
Idiazabalgo Udalak 2021eko bi diru laguntza deialdi zabaldu ditu. Batetik, garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako eta garapenerako sentsibilizazioa edota hezkuntzako jarduerak egiteko dirulaguntzak, eta bestetik, kultur ekimenak eta proiektuak burutzeko. Bi deialdietan eskaerak aurkezteko epea ekainaren 16an amaituko da.
Aurrenekoari dagokionez, herrialde txirotuetan proiektuak burutzeko diru laguntza 33.000 eurokoa izango da. Idiazabalen garapenerako sentsibilizazioa edota hezkuntza jarduerak gauzatzeko diru laguntza, berriz, 5.142 eurokoa izango da. Egoitza nagusia Idiazabalen duten irabazi asmorik gabeko izaera juridikodun erakundeek jaso dezakete diru laguntza. Lankidetza alorrean esperientzia izatea, zerga betebeharrak beteta izatea edo zigorrik ez izatea ere eskatzen da eskaera aurkezteko.
Kultur ekimenak
Kultur arloko deialdiari dagokionez, kultur eskaintza zabaltzen eta hobetzen laguntzeko kultur sustapen, sorkuntza, prestakuntza eta zabalkunde ekimenak gauzatzea da xedea. Ekimen horiek egiteko interesa eta ahalmena duten pertsona fisikoek edo juridikoek eska dezakete laguntza, betiere jarduera Idiazabalgo udalerrian izanda. Aurreikusitako diru laguntzaren zenbatekoa 1.500 eurokoa da.













