Almitzak Zaldibian hasiko du bihar Sega Liga, nazioarteko eran
Euskal Herriko 12. Bakarkako Sega Liga Zaldibian hasiko da, bihar. Hiru jardunaldi egingo dituzte eta 33 segalarik parte hartuko dute.
Euskal Herriko 12. Bakarkako Sega Liga Zaldibian hasiko da. Hiru jardunaldiko txapelketa antolatu du Almitza elkarteak, nazioarteko segakeran. Iaz Covidak murriztu bazuen, aurten lehiaketa egitea ezinbestekotzat jo dute, segalaritza sustatzeko eta biziraupena ziurtatzeko. Ikuslerik ezingo da joan halere.
Zaldibian, bihar 16:00etan, Irastortza baserriko zelaietan izango da lehiaketa. Emakumezkoak (7x5m), gizonezkoak (10×10), mutil gaztetxoak (10×5) eta neska gaztetxoak (4×5) ariko dira. Guztira 33 segalarik eman dute izena hiru jardunaldietarako: 11na gizon eta emakume helduetan, 8 mutil eta 3 neska.
Hiru jardunaldi puntuagarri izango ditu lehiaketak, ohi bezala. Zaldibiakoaren ondoren, Altzon (Gipuzkoa) ekainaren 13an (11:30) eta Basaburuan (Nafarroa) uztailaren 3ko arratsaldean dira beste bi saioak. Ebakeraren txukuntasuna baloratuko dute.













