Munduko txapelketan izango dira Odei Rodriguez eta Ane Gonzalez
Ordiziako Urpekoak taldeko bi igerilariak Espainiako selekzioarekin lehiatuko dira munduko txapelketan. Biak hala biak, hegats bakarrarekin eta abiaduran ariko dira
Denboraldi bikaina egiten ari dira Ordizia Urpekoak taldeko igerilariak eta horren adierazle da, Odei Rodriguezek (Ordizia, 2004) eta Ane Gonzalezek (Ordizia, 2002), munduko txapelketan parte hartuko dutela, estatuko selekzioarekin.
Ondo gazteak dira bi igerilariak, junior kategorian igeri egiten dute gaur-gaurkoz, baina goren mailan daude. Gazte-gaztetan hasi ziren Ordiziako Urpekoak taldean, umetan esan daiteke, duela ia 10 urte bai, eta harrezkero, ibilbide oparoa izan dute. Makina bat txapelketatan parte hartu dute, Euskal Herri eta estatu mailakoetan batez ere, baina laster, erronka handiago baten aurrean jarriko dira.
Izan ere, munduko txapelketan parte hartzeko hautatu ditu Espainiako selekzioak. Rodriguez, Italian lehiatuko da, Lignano Sabbiadoro hirian, ekainaren 13 eta 19 bitartean. Gonzalezek berriz, Errusiara bidaiatuko du, Tomsk hirian, uztailaren 1etik 11ra artean.
Abiaduran espezialistak
Abiadurako probetan dira espezialistak, distantzia laburretan, eta hegats bakarrarekin jarduten dute; «Igeriketa mota honetan erabiltzen den hegats handiena edo zabalena da, bi hankak hegats bakarrean sartuta doaz, eta abiadura gehien hartzen dena da».
Beste modalitate batzuk ere probatu dituzte, baina «horretan moldatzen dira ondoen». Eta hain zuzen munduko txapelketan distantzia laburretan eta hegats bakarrean arituko dira.
Josu Sarasolak estatu mailako marka berria ezarri du
Maiatzaren 14 eta 16 bitartean, Frantziako txapelketa jokatu zen Aix En Provence hirian, eta espainiar estatuko errekor berria ezarri zuen Josu Sarasola igerilari ordiziarrak, Toulouse Metropole Palmes taldearekin, 400 metroko murgialdi proban. Gainera, Frantziako hirugarrena egin zuen. Txapelketan, beste bi probatan ere parte hartu zuen Sarasolak: 400 metro ur azalean eta 200 ur azalean, seigarren geldituz. Errekorra lortzeaz gain, uztailaren 1etik 11ra, Errusiako Tomk hirian jokatuko den Munduko Txapelketan ere parte hartuko du Sarasolak.
EHko txapelketarako 13 txartel gehiago utzi ditu Ordizia Sariak
Hegats igeriketakoez gain, baina uretako kirolekin jarraituz, Ordizia igeriketa taldeko albisteak ere badaude aste honetan. Izan ere, pasa den asteburuan, Ordizia Saria jokatu zen Ordiziako Majori kiroldegian. Ordiziako igeriketa taldeko 18 igerilarik parte hartu zuten, denboraldiaren azkenetan, lan oso ona eginez. Parte hartu zuten 38 probetan, marka pertsonalak hobetzea lortu zuten ordiziarrek, baina gainera, Euskal Herriko txapelketarako 13 gutxieneko denbora lortu zituzten.
Gipuzkoako selekzioarekin
Bestalde, maiatzaren 22an, Gasteizko (Araba) Mendizorrotza kiroldegian, Gipuzkoako selekzioarekin lehiatu ziren Ane Iturrioz eta Daniel Trisca, Ordiziako igeriketa taldeko igerilari gazteak.
Bertan, distantzia desberdinetan, bina probatan parte hartu zuen bakoitzak, eta eta denboraldi honetan egiten ari diren lana borobildu zuten, best ebehin ere, lan zoragarria burutu baitzuten. Dominarik lortu ez bazuten ere, Gasteizera eraman zituzten marka pertsonalak birrindu zituzten.