Israelen Palestinako aferan CAFek "konplizitatea" duela salatu dute, lantegiaren sarreran
'Israel hiltzaile, CAF laguntzaile' pankarta handi bat zintzilikatu dute Beasaingo faktoriaren atari nagusian, akziodunen batzarraren garaian protesta eginez. CAFek Jerusalem hiriko tranbiaren proiektuan ez parte hartzeko eskatu dute.
Palestinako banderak eta musika aireratuta, CAFek Jerusalem hiriko tranbia eraikitzeko proiektua egitea salatu dute gaur goizean, Beasainen. CAFen lantegiko sarrera nagusiaren balkoitik pankarta erraldoia zintzilikatu dute: Israel hitzaile, CAF laguntzaile. Israel Palestinarekin “genozidioa, gerra zikina eta apartheida” egiten ari dela ohartarazi, eta CAFek haren azpiegituretan ez parte hartzeko exijitu dute.
Hain justu, gaur eguerdian egin dute protesta, CAFeko akziodunen batzarra egiten ari ziren garaian. CAFen akzioak dituen Eusko Jaurlaritzari ere gutunak bidali dizkiote, “dituzten rolak erabil ditzaten eskatzeko, eta enpresak Palestinako lurralde okupatuetan lan egiteari utz diezaion exijitzeko”.
Europa mailan CAFen aurka altxatzen hasi diren ahotsen berri ere eman dute protestariek. “Dagoeneko Norvegian zortzi sindikatuk eskatu dute CAFi boikota egiteko, eta Europa osoan kanpaina batekin CAF kontratatzeari uko egiteko eskatu diete erakunde publikoei, Palestinako giza eskubideak errespetatu eta Israelen JLR eta asentamentuetan legez kanpoko enpresan parte hartzeari utzi arte”. Norvegian bertan, hango banku nazionalak pentsio funtsetatik kanpora utzi du Palestinako lurralde okupatuetan jarduerak dituen enpresa norvegiar bat, giza eskubideen urraketetan izan dezakeen erantzukizunagatik.
Aitzitik, boikota Israeli egiteko eskatu dute Beasaingo protestan.
Bestetik, gogorarazi dute Amnesty International erakundeak duela bi hilabete CAFi gutuna bidali ziola, ohartaraziz Israel Jerusalem hirian gauzatzen ari den proiektua “legez kanpokoa” dela.