Ataungo 56. San Martin Proba jokatu dute gaur
Ataungo 56. San Martin Probako lehen postua eta Euskadiko Txapeldunaren titulua lortu ditu Unai Aznarrek 23 urtez azpiko mailan. Elite mailan, Oier Ibarguren izan da Euskadiko Txapelduna.
Pandemiagatik iaz bertan behera geratu zen arren, gogotsu hartu dute aurten Ataungo 56. San Martin Proba. Gaur goizean jokatu dute Ataunen, Agauntza Kirol Elkarteak antolatuta, eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindulari afizionatuen lasterketa. Lau mendate eta 127 kilometro bizikleta gainean egin ondoren, Joxemiel Barandiaran eskola parean amaitu dute gaurko lehia txirrindulariek.
Lizarte taldeko Unai Aznar izan da lehenengoa helmugara heltzen, Ataungo 56. San Martin Probako garaile izendatuz. Honen atzetik segika heldu dira podiumera igo diren beste bi txirrindulariak. Bigarren postuan Laboral Kutxa taldeko Ailetz Lasa iritsi da, eta hirugarrenean, Grupo Eulen taldeko Josepa Lopez.
Amateur mailako bi kategorietako Euskadiko Txapelketak ere gaurko lasterketan ebatzi dira, seigarren aldiz. Elite mailan, Oreka taldeko Iker Eskisabel izendatu da Euskadiko Txapeldun, eta 23 urtez azpiko mailan, berriz, Unai Aznar, gaurko probako irabazlea izan dena.
Lehendabiziko herritarrari dagokionez, Markel Galparsorok jaso du Agauntza Kirol Elkarteak eskainitako plaka, iaz kadete mailan Gipuzkoako Txapelketa irabazteagatik.
Hona hemen Gotzon Aranburuk gaurko lasterketan grabatutako irudiak: