Kontzentrazio jendetsua Abaltzisketako alkateari babesa adierazteko
Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate, mankomunitateko ordezkari eta ganaduzaleari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Larraitzen
Pasa den asteartean, ekainak 2, Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate, mankomunitateko ordezkari eta ganaduzalearena zen behi bat buruan tiroz jota hil zuten Aralarko larreetan. Gertaera hau salatu eta Zubizarretari babesa adierazteko asmoz, Aralarko Baserritarren elkarteak, ENBA-EHNE sindikatuak eta Abaltzisketako zinegotziek deitutako kontzentrazioa egin dute gaur goizean Larraitz gainan.
Elkarretaratzean irakurritako komunikatuan azaldu dutenaren arabera, Zubizarreta ez dela abeltzain bat gehiago, beregan elkartzen direlako «Aralarko mendiaren aldeko pasioa, abeltzaintza eta abeltzainen aldeko defentsa sutsua eta herriaren aldeko konpromezua», eta argi utzi dute «tiroa jotzeko erabakia hartu zuenak, ondo asko zekiela nora apuntatu».
Behia botatzearekin batera, hura erail zuenak «Aralarko mendia eta bertako abeltzainak mindu nahi zituela» adierazi dute. Ekintza gaitzesteaz gain, dei berezia egin diote Enirio-Aralar Mankomunitateari «bere jabetzan izandako ekintza penagarria gaitzetsi dezan». Azkenik, gertaera lur hauetan jazo izanagatik, aberearen galeragatik Mankomunitateak abeltzainaren konpentsazioa bere gain har dezala eskatu dute.