Uraren kudeaketa publikoaren aldeko manifestazioa, hilaren 25ean
Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da, 18:30ean. Onura Publikoa ekimenak deitu du. Bi udalei Aquarberekin duten kontratua ez luzatzeko eskatuko diete
Onura Publikoa ekimenak uraren kudeaketa publikoaren aldeko manifestazioa deitu du hilaren 25erako, Ura giza eskubidea da, ez da negozioa. Uraren kudeaketa publikoaren alde lemapean. Manifestazioa Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da, 18:30ean.
2007. urtetik aurrera Urretxuko eta Zumarragako udalek uraren hornikuntza eta saneamenduaren kudeaketa lehiaketa bidez enpresa pribatuei esleitu diete. Suez multinazionalaren filiala den Aquarbe enpresari, hain zuzen ere.
Onura Publikoak Gipuzkoan uraren kudeaketa esku pribatuetan daukaten udal bakarrak Urretxukoa eta Zumarragakoa direla salatu du. «Uraren kudeaketa enpresa pribatu baten eskuetan egotea bidegabekeria soziala da, denona den ura merkantilizatzea baitakar. Eta ura giza eskubide bat da. Gainera, erabaki horrek herritarrak zuzenean kaltetu ditu. Zumarraga eta Urretxuko herritarrek Gipuzkoako gainontzeko herritarrek baino prezio altuagoak dituzte».
Kontratuaren amaiera
Zumarragako eta Urretxuko Udalek Aquarberekin dituzten kontratuak abenduaren 31n bukatzen dira. «Une hau oso garrantzitsua da, erabakigarria. Udaletako arduradunek erabaki behar dute urarekin negozioa egiten segi eta Gipuzkoako garestienak izaten jarraitu; edo kudeaketa publiko, gertuko eta gardenari ekin. Enpresa baten mozkinak lehenetsi edo herritarron ongizatea bermatu».
Onura Publikoak jasotako informazioaren arabera, udalek, kontratuarekin amaitzeko borondatea baldin badute, kontratua amaitu baino hilabete batzuk lehenago (sei Urretxuren kasuan eta lau Zumarragaren kasuan) enpresari kontratua eteteko asmoaren berri eman behar diote. «Ezer egiten ez badute, zuzenean luzatuko da eta bidegabekeriarekin jarraituko dugu. Hau da, udalek ez badute ezer egiten enpresa pribatu baten mozkinek zumarragarron eta urretxuarron bizkar jarraituko dute. Kontratua luzatzea udalen erabakia da berez, aurten amaitzen delako kontratua; beraz, luzatzeak bidegabekeriarekin, espoliazioarekin eta pribatizazioarekin jarraitzeko asmo irmoa azalduko luke».
«Bidegabekeria» eteteko unea dela diote. «Orain da unea, orain dugu sekulako aukera urteetako bidegabekeria hau geratzeko. Azken erabakia bi udalena da, baina herritarron esku ere badago bi udalak uraren kudeaketa publikoaren bidera bultzatzea. Urak berriz ere bere bidea egin dezan, orain dugu aukera». Hori dela eta, urretxuarrak eta zumarragarrak manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte.