Atletismoaren izarrak bilduko ditu Jose Antonio Peña mitinak Ordizian
Bi urteko etenaren ondoren, larunbatean 18:00etatik aurrera, Altamira estadioan jokatuko da Peñaren omenezko mitina, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta
Aurten bai, atletismoaren zaletuek gozatu ederra hartu ahalko dute, larunbatean jokatuko baita Jose Antonio Peñaren omenezko bosgarren mitina Ordizian, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. Eneko Agirrezabal Txindoki Atletismo taldeko kideak eman ditu, probaren inguruko xehetasun guztiak. Harekin batera, aurkezpenean izan dira, Ordiziako Udaleko Adur Ezenarro alkatea, Beasaingo Udaleko Elena Ruiz zinegotzia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jesus Gutierrez ordezkaria.
Badira bi urte Jose Antonio Peña mitina ez dela jokatu. Duela bi, Altamira estadioko pista berritzeko lanak martxan zeuden, eta iaz, osasun krisia zela eta baldintza egokietan jokatzeko zailtasunengatik bertan behera geratu zen. Gauzak horrela, ilusio bereziarekin ari da lanean antolakuntza. Larunbatean, 17:00etatik aurrera hainbat proba jokatuko dira, baina 18:00ak ematearekin batera hasiko da bosgarrenez antolatu duten Peñaren omenezko mitina, eta beste behin ere, Euskal Herriko eta espainiar Estatuko atletismoaren figura ugari Ordizian izango dira.
100 metroko distantzian adibidez, Irati Mitxelenak parte hartuko du, eta gizonezkoen artean Angel David Rodriguez El pajarok. 400 metrotan 53 segundotik beherako denbora duten emakumeak izango dira, Nerea Bermejo, besteak beste. Gizonezkoen artean ere, denbora oso onak egiten ari diren atletak ikusi ahalko dira.
800 metrokoan, emakumeetan, distantzia horretan espezialista den eta Ros Mari Almanza izango da. 1.500metroko distantzian berriz, Jone Zabala eta David Lorenzo Altamiran izango dira. Eta distantzia luzeenetan, bi izen garrantzitsu David Mascuñaña eta Juan Errandonea.
Atleten parte hartze kopuruagatik eta atleta horien kalitateagatik «oso pozik» agertu da antolakuntza taldeko Agirrezabal.
Sariei dagokienez, proba irabaztegatik banatuko diren sari ekonomikoez gain, beste sari potolo batzuk ere egongo dira. Horietako bat, Audi etxeko kotxe bat izango da. Sari hori lortzeko munduko errekor bat ondu beharko da. Agirrezabalek zaila izango dela nabarmendu du, baina ez ezinezkoa.
Bukatzeko esan, streaming bidezko emisioa egingo duela Aupa TV plataformak. GOIERRIKO HITZA-ren webgunean ere zuzenean jarraitu ahalko da Altamirako proba.