Beasaingo nerabeen erdiak aisialdiaz gozatzeko arazoak ditu
Aisialdi aukerekin «konforme» daude; zenbat eta helduagoak izan orduan eta balorazio okerragoa egiten dute. Koskortu ahala, euskararen erabilerak behera egiten du
Beasaingo haurren eta nerabeen aisialdia hankaz gora jarri du pandemiak. 7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoen gehiengoak aisialdi ohiturak moldatu egin behar izan dituela aitortu du, nahiz eta aisialdiaz gozatzen jarraitzen dutela dioten; 13 eta 16 urte bitarteko nerabeen ia erdiek, baina, aisialdi aukerak «murriztu» egin zaizkiela diote eta gozatzeko zailtasunak dituztela diote. Halere, orokorrean, herriko aisialdi aukerekin «konforme» agertu dira.
Beasaingo Udalak Aztikerri eskatutako diagnostikoan jaso dituzte emaitzok. Hamar eta hemezortzi urte bitarteko 262 beasaindarrek hartu dute parte diagnostikoan.
Lau mailatan bereizi dute haurrei eta nerabeei bideratutako aisialdi eskaintza: udalak zuzenean antolatutako programak, eragileen bitartez zeharka antolatutakoak, ikastetxeetako eskaintza eta gazteek euren kabuz antolatutako iniziatibak. Udalak miloi bat euro pasatxo bideratzen du haurren eta nerabeen aisialdira, zazpi sailetan banatutako 30 programen bidez. Jarduerarik arrakastatsuenak kultur eta kirol arloko jarduerak dira.
Kultur eskaintza «nahikoa» dagoela uste du gaztetxoen gehiengoak. Nesken artean, baina, ia erdiek gehiago behar dela uste dute. Sorkuntza propioa bultzatzeko neurriak ere eskatu dituzte.
Gehiengoak kirola «ia egunero» egiten du. Mutilek, bereziki. Jarduera fisikorik egiten ez dutenak %2a baino gutxiago dira. Halere, kiroldegiko zerbitzuan eurentzat pentsatutako aukerak falta direla azpimarratu dute eta kalean kirola egiteko ekipamendu gehiago eta anitzagoak eskatu dituzte.
Espazio publikoari dagokionez, eurei egokitutako espazioak falta direla salatu dute.
Aterpeak eta parkeak, nagusiki. Lokalak izatea gustatuko litzaieke, baina gehiengoak ez du.
Lagun artean, euskararik ez
13 urtetik gorako hamar beasaindarretatik lau «ia beti gaztelaniaz» aritzen dira. %15a aritzen da «beti» euskaraz adin tarte berean. Zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta gehiago erabiltzen dute euskara lagun artean. Ikus-entzunezko tresna eta euskarri berrietan euskararen gabezia hizkuntza ohiturak aldatzeko oztopo ikusten dute eragileek.













