Markel Garmendia, Gipuzkoako aurresku garaikurraren bila bihar
Gazte mailako gipuzkoar erako III. Aurresku Txapelketa Nagusia jokatuko dute bihar, Legazpiko Azokan. Bi dantzari goierritarrek parte hartuko dute.
Sustraiak dantza taldeko Markel Garmendia lehian izango da bihar Legazpiko Azokan jokatuko den Gazte mailako gipuzkoar erako III. Aurresku Txapelketa Nagusian. D sailekoen (2006-2007) finala izango da, eta beste goierritar bat ere izango da lehian, Ataungo Aetz San Sebastian.
Gainerako partaideak dira Lezoko Ane Jaunarena, Nahia Pikabea, Endika Osa eta Olatz Azkue, Amasa-Villabonako Iraide Martinez de Albeniz, Naroa Arretxe eta Izadi Urbano, Elgoibarko Eneko Etxaniz, Jon Etxeberria eta Malen Galarraga, Zizurkilgo Maddi Davila eta Lasarteko Araitz Ramos.
Txapelketa 16:30ean hasiko da, Goiz Deia bandako txistularien laguntzarekin. Dantzariek Ehun dukat, Aurkez aurke eta Agurra dantzatu beharko dituzte. Amaieran sari hauek banatuko dituzte: buruzagi makila eta garaikurra irabazlearentzat, trofeoak hurrengo bost sailkatuentzat, jantzi egokienaren saria eta Eneko Etxanizek jasoko duen liga txapeldunaren saria.
Markel Garmendiarekin batera, Sustraiak dantza taldeko Araitz Berasategi, Jon Alberdi, Nora Eskudero, June Osinalde eta Maria Sanchez ere sailkatu ziren aurresku txapelketaren finaletarako, baina A (2011, 2012 eta 2013 urteetakoak) eta B (2008, 2009 eta 2010) sailetan. Errenterian jokatu ziren finalak; Lezoko Judith Jacintok irabazi zuen A sailean eta Mikel Esnaolak B sailean.













