Zumarragak genero indarkeriaren prebentziorako irudia izango du
Udalak lehiaketa bat antolatu du eta Daniela Uribeetxeberria legazpiarrak irabazi du. Irudia 2.000 poltsetan inprimatuko dute. Poltsak uztailaren 10ean banatuko dituzte
Zumarragako Udalak genero indarkeriaren prebentziorako kanpaina antolatu du, Estatu mailako itunaren eskutik jasotako diru-laguntzarekin eta Hezibide enpresaren aholkularitzarekin. Kanpaina horretarako irudi baten bila, lehiaketa antolatu du. Daniela Uribeetxeberria Alustiza legazpiarrak irabazi du, Itxaropena lanarekin. Berak sortutako irudia gaiarekin zerikusia duten ekintza guztietan erabiliko da. Gainera, udalak banatuko dituen poltsa eta informazio txarteletan inprimatuko da.
Lehiaketara zortzi lan aurkeztu dituzte. Bost lagunek parte hartu dute: Laura Compains Blanco, Lierni Lopez Jauregi, Rosa Santos Sanchez eta Carlos Mediavilla Arandigoienek.
Adierazpenak
Saria atzo banatu zuten. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Arantxa Gonzalez eta Ines Benitez zinegotziek parte hartu zuten. Serranok Zumarragako Udalak genero indarkeriaren aurkako borrokan konpromiso irmoa duela gogoratu zuen eta indarkeria mota hori gaitzetsi zuen. «Madrilen gertatu den azken kasua kontutan hartuta, 20 emakume hil dituzte Espainian bikotekide edo bikotekide ohiek. 2003an zenbatze ofiziala hasi zenetik, 1.098 emakume hil dituzte indarkeria matxistaren ondorioz. 2013tik, adingabeen hilketa zenbaketan sartu zenetik, 41 haur hil dituzte aitek edo amen bikotekideek».
Zumarragarrei emakumeek eta haien seme-alabek jasaten duten indarkeriaren aurka aktiboki agertzeko dei egin zien. «Indarkeria salatuz, ez onartuz, isilik ez geldituz eta biktimei babesa emanez».
Gonzalezek lehiaketan parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkien. «Danielak Itxaropena izena jarri dio bere lanari. Ea egia den. Ea denon artean gizarte justu eta berdinzaleagoa eraikitzeko gai garen». Herritarrei uztailaren 10ean azokan banatuko diren poltsak erabiltzeko eskatu zien. «Ikusi dadila Zumarragak ez duela indarkeria onartzen eta indarkeria pairatzen duten emakumeek jakin dezatela guztion babesa dutela».
Uribeetxeberriak ere indarkeria matxista gaitzetsi zuen. «Gai honetan denok gure indar guztia jarri behar dugu. Ea helburua lortzen dugun. Gure esku dago. Seme-alabak ondo hezi behar ditugu eta lagunartean zuzen jokatu».













