Sanjoan sagarra hitzordura fin agertu da
Lehen leka, andere mahats beltza, masusta, tomate mota berriak, luzokerrak. Eguraldi goibelari bizitasuna eman dioten produktu berriak.
San Joan eguna, herri askotan egun handia. Egoera berezi honetan ere nola edo hala markatua izango da toki askotan. Bizitako ilun alditik argia agertzen deneko seinaleak ote dira suaren eta egun luzeen argitasuna, eta gaurko ilargi betea? Hala bitez!
Baratzeetan ere garai emankorra. Botatako euriak on egin dio lurrari baina orain nahikoa dela diote aho batez, tenperatura oso gorabeheratsu dabil eta aukeran uneka freskoegi. Dena dela produktu berri dezente aurkeztu zituzten atzo ere. Sanjoan sagarra, urteko lehen sagarra Itsasotik, M. Jesus Oriak ekarritakoa, dagokion garaian fidel agertuz, 2,5 euroan kiloa salgai. «Bakar batzuk horitzen hasi orduko ekarri ohi ditut». Gereziak, berriz, euriak zartatu eta hondatu direla zioen. Iaz ez zen sagar urte ona izan, eta aspaldi saldu ziren hemengo azken sagarrak. Gertatu izan da aurreko urtekoak sagar berriekin bat egitea, iaz hala izan zen, baina aurten aspaldi saldu ziren azkenak.
Arantxa Zurutuzak, Aramako Goiko Etxeberri baserriko mizpira japoniarra, andere mahats beltza, batez ere edaria egiteko edota gozogintzan erabilia eta masustak, ohiko sasiko masusta baina handigoa, ekarri zituen. Gazteen oporrak sumatzen dira eta atzo Liher iloba zuen lagun zuen postuan.
Zeraingo Mendartetik Iñaki Intxaustik lehen lekak, gorriak (6 euroan kiloa) eta baita tomate mota berri bat ere Aretxabaleta (5 euroan kiloa) joan zen astean aurkeztu zituen gerezi tomateekin batera. Lehen luzokerrak Ibarrako Montesenekoen postuan (3,5 euroan kiloa). Caparrosoko haien baratzeko ekoizpenak saltzera etortzen diren Silvia Morenok eta Asier Iribarrenek berriz mertxikak, alberretxikuak (4 euroan kiloa), leka zapala eta bi tomate mota berri aukeran Barbastroko arrosa, oso tomate handia (5 euroan kiloa) eta Karanba izenekoa (3,5 euroan kiloa) oso emankorra omen da eta hortik prezioa merkeago izatea. Negutegikoak horiek denak.
Landaretan berriz urteko porru landarearen momentua da hauxe Sanjoanetan aldatu behar denekoa aipatu ohi du Esther Illarramendik, betiko usadioari jarraituz.
Udako lehen feriak ez zuen uda eguraldirik izan baina garai honetako hala moduzko eguraldiko egunen hainbat oroitzapen entzun ziren azokan, uholdeak eta abar.