Berdintasuna lantzeko helburuak eta ekintzak
Idiazabalgo Udalak herriko aurreneko Berdintasun Plana onartu du. 2021-2024 epean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde eman beharreko urratsak identifikatzeko gida izango da.
Idiazabalgo I. Berdintasun Plana garatu dute Idiazabalgo Udalak eta Elhuyar Fundazioak elkarlanean. Duela hilabete inguru onartu zuen udalbatzak plenoan, eta datozen lau urteetan berdintasunaren aldeko lanketa egiteko ekintzak eta helburuak ezarri dituzte horrela. Iaz ekin zioten plana diseinatzeari, herriaren berdintasun diagnostikoa eginda.
Idiazabalgo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun maila ezagutzeko eta hortan oinarrituta plana egiteko, batetik datu kuantitatiboak jaso dituzte, tartean datu soziodemografikoak, lan arlokoak, hirigintza datuak edo kontziliazio datuak. Bestetik, elkarrizketak izan dituzte Idiazabalgo eragile ezberdinekin, 5 herritar taldetan banatuta: adituen taldea, Aizan talde feminista, lan eta kontziliazio taldea, kirola eta kultura taldea eta emakume helduak.
Udaletxeko langileekin ere formazio saioak egin dituzte, berdintasunerako lanketa herriko eremu guztietan zabaltzea baita helburua: «Berdintasuna ez da ongizatea bakarrik, transbersala da eta udaleko eta herriko egitura denetan presente eduki beharrekoa da», azaldu du Alazne Elorza komunitate dinamizatzaileak. «Lan asko» dago egiteko oraindik, baina planak aurrerapausoak emateko aukera emango die. «Gida bat da, zer lanketa egin behar dugun jakin eta horrekin lan egiteko».
Lau lan ildo
Emakundek ezartzen dituen ardatzetan oinarritutako plana da, 2021-2024 epean burutzekoa. Lau lan-ildo nagusi ditu: berdintasunaren aldeko gobernantza, emakumeen ahalduntzea, gizarte antolaketa berdinzalea eta indarkeria matxistarik gabeko herria. Guztira 18 helburu eta 76 ekintza zehaztu dituzte horiek garatzeko: besteak beste, berdintasunerako politikak garatzeko urtero aurrekontu partida aurreikustea, webgunean berdintasun sailaren atala sortzea, udalak antolatutako kirol ekitaldietan emakumeen partaidetza bermatzeko neurriak hartzea, eskola kirolean hezkidetza lantzeko beharrezko neurriak hartzea, erasoen aurrean adostutako erantzun-protokoloa aplikatzea edota ospakizunetan matxismoaren aurkako sentsibilizazio kanpainak egitea.













