Igartza programak bertako eta kanpoko musikariak elkartuko ditu
Martin Kortaberria, Antton Valverde eta Letoniako abesbatza nazionala arituko dira, besteak beste. Bekari jarraipena emango diote. Zikloa datorren astean hasiko da
Igartza Musika Programaren bigarren seihilekoak hamaika kontzertu izango ditu. «Estilo ezberdinetakoak, beti bezala», azpimarratu zuen Xabier Sarasola Loinatz Musika Eskolako irakasle eta arduradunak zikloaren aurkezpenean, ostiralean. «Beti bilatzen dugu aniztasuna, bertakoa izatea eta kalitatea». «Estilo eta aniztasun askoko egitaraua egiten saiatu gara zale guztiengana heltzeko», gaineratu zuen Leire Artola alkateak. Xabier Matarranz kultur zinegotziak eta Arantxa Gastesi musika eskolako arduradunak ere parte hartu zuten aurkezpenean.
Datorren astean ekingo diote bigarren seihilekoari. Arrabiten zurdetan taldea igoko da oholtzara. Abendura bitarte, beste hamar emanaldi izango dira, hil guztietan. Besteak beste, Martin Kortaberria beasaindarrak joko du: Loinatz Musika Eskolan hasi zituen biolin ikasketak; kontserbatorioan jarraitu zuen gero; herrira itzuliko da, orain. Javier Perez de Azpeitia pianistarekin elkarbanatuko du oholtza. Sarasolak aitortu zuen musika eskolako ikasle ohi bat oholtza gainera eramateko gogoa aspalditik zutela. «Zer esanik ez goi mailako musikaria izanda».
Letoniako abesbatza nazionala ere Beasainen izango da. Antolakuntzak nazioarteko koru bat ekartzeko aukera baliatu du, Tolosako abesbatzen lehiaketen harira. Antton Valverde da aurtengo egitarauko beste izen propio bat.
Musikenerekin, lankidetza
Beasaingo Udalak Musikenerekin duen hitzarmena berritu duela iragarri zuen Artolak. Igartza Musika Bekari jarraipena emango diote, hortaz. Azaroko hirugarren astean izango dira entzunaldiak. «Beti azpimarratzen dugu ez direla adituentzako entzunaldiak. Kontzertuak dira. 15-20 minutuko goi mailako kontzertuak», gonbidatu ditu entzuleak Sarasolak. Irabazleek kontzertua eskainiko dute datorren urteko zikloan.
Emanaldiak sakabanatuta egingo dituzte. Artolak azpimarratu du herriko txoko guztietara eraman nahi dutela musika eta kultura. Edukierak orain artekoak izango dira eta aurrez sarrerak hartu beharko dira.
Ikusleen erantzunarekin «oso pozik»
Igartza Musika Programako lehen seihilekoan entzuleek emandako erantzunarekin«oso pozik» agertu zen Leire Artola alkatea. «Orain arteko erantzuna ezin hobea izan da; oso pozik gaude denok jendeak emandako erantzunarekin. Lehen seihileko emanaldi eta kontzertu guztiak bete dira eta eskaera asko kanpoan geratu dira. Jendea musika gogoz eta gosez dagoela argi dago». Beasaingo Udalak kulturarekin eta sortzaileekin duen ardura berretsi zuen Artolak.
Igartza Musika
UZTAILA
Arrabiten zurdetan. 8an,20:00etan, Igartzako jauregian.M. Kortaberria eta J. Perez deAzpeitia.22an, 20:00etan,Igartzako jauregian.ABUZTUABehin laukotea.5ean,20:00etan, Erauskin plazan.
IRAILA
Organic matters. 12an,20:00etan, Igartzako jauregian.Maite Larburu.24an, 22:00etan,Igartzako jauregian.
URRIA
Antton Valverde. 15ean,19:30ean, Usurbe Antzokian.Sin mala intencion.22an,22:0etan, Igartzako jauregian.
AZAROA
The state choir Latvija. 3an,19:30ean, Parrokian.Igartza Musika Beka.20-21ean,egun osoan zehar, Igartzakojauregian.
ABENDUA
Kup abesbatza. 18an, 19:30ean,Parrokian.Loinatz abesbatza.19an,19:30ean, San Martin basilikan.













