Merkatariak eta ekoizleak ere, digitalizazioaren bidean jarri dira
Goierriko Azoka plataforma digital berria aurkeztu dute Goiekiren egoitzan. Azken urteetan eman den erosketa ohituren aldaketari erantzun bat emateko sortu da
Gizartearen erosketa ohiturak aldatuz joan dira azken urteotan; geroz eta pertsona gehiagok aukeratzen dituzte Interneteko plataforma digitalak erosketak egiteko. Datu pare bat, 2015 eta 2020 urteen artean, estatu mailan, hirukoiztu egin ziren online egindako erosketak, eta 2020tik gaur arte, aurreko bost urteetan beste egin du gora, hirukoiztu egin da, alegia. Azken denbora tarte horretan, COVID-19aren eraginez zabaldu den testuinguru berria izan da, kontsumitzeko Interneteko bide hori gehiago aukeratu izanaren arrazoi nagusia.
Hori guztia kontutan hartuta, digitalizazioren bidean urrats handi bat eman da Goierrin. Eskualdeko ekoizle, merkatari, ostalari eta gainerako zerbitzuak saretu, eta bertako salmenta eta kontsumoa konektatzeko, diseinu oso zaindua eta bertako baloreak transmititzen dituen plataforma digital berri bat sortu dute, Goieki eta Goierriko udalen laguntzarekin: Goierriko Azoka (goierrikoazoka.eus).
Plataforma berri horren bidez, online erosteko ohitura gero eta errotuago dagoen gizarteari, Goierriko produktuak eta zerbitzuak ere kontsumitu ahal izateko aukera berri bat zabaltzen zaie. Erakusleiho eta salmenta baliabide bat baino gehiago izateko bokazioa dauka gainera; elkarlana sustatzeko hain zuzen.
Proiektua ezagutzera emateko, Goiekiren egoitzan, Ordizian aurkeztu zuten atzo. Iker Galparsoro Goiekiko Zuzendariak azaldu zuenez, Goierriko Azoka plataforma digitala sortu aurretik, Goiekik foru aldundiaren laguntzarekin, Berrabiarazi proiektua jarri zuen martxan, sektore desberdinetako Goierriko enpresen beharrak identifikatu eta erantzun bat emateko helburuarekin. Proiektuaren lehen fasean, «180 diagnostiko egin dira», eta «elkarrizketatutako enpresen %90ean, digitalizazio beharra identifikatu da». Goierriko Azoka, zentzu honetan, «Goierriko negozio desberdinei babesa emateko helburua duen erreminta da» eta «elkarlanean aritzeko komunitate izaera batekin sortua» izan da.
Goierriko negozio txikiei digitalizazio prozesuan laguntzeko sortua da, eta dagoeneko «35 enpresa txikik» bat egin dute egitasmoarekin. goierrikoazoka. eus atarian sartuta, «erraz» bisitatu daitezke haien perfilak, Borja Urretabizkaia, Goierriko Azoka plataforma digitalaren sortzaileetako batek azaldu zuenez. «Bi motatako perfilak» daude: «Negozioaren fitxa, non jardueraren inguruko informazio guztia jasotzen den; eta, erakusleihoa eta online salmenta dutena». Lehen proposamenak 100 euroko kostua du urtean, eta 200 eurokoa, bigarrenak. Bi perfil mota arrazoi sinple bategatik: «Negozio guztiek agian ez dute behar salmenta internet bidez egitea, baina bai erakusleiho hori izatea».
Gainera, merkatari eta ekoizleen ahalduntze digitala errazte aldera, formakuntza eta aholkularitza ere emango dituzte.
Esperientziak
Proiektura batu diren eskualdeko merkatari eta ekoizleen artean daude, Goieko Haragia, Amaia Perales nutrizionista eta Pott Keramika, eta bat datoz; gaur-gaurkoz, Interneten presentzia izatea, funtsezkoa da negozioari ikusgarritasuna emateko. Izan ere, zerbitzu baten inguruko informazioa bilatzeko, oporrak antolatzeko, edozein motatako erosketa egiteko, eta beste hainbat eta hainbat gauzetarako, Interneta da, zalantzarik gabe, gehien erabiltzen den tresna. Bilatzaileak ematen dituen aukeren artean egotea, beraz, bezero potentzialei atea zabaltzea da.