Maizpidek astelehenean hasiko ditu Udako Ikastaroak, 'Losers' lanarekin
Udako hiru hilabeteetan hamabosna eguneko sei euskara ikastaro emango dituzte. Uztaileko kultura-agenda ere atera dute. Atzo, Telleria eta Ruiz irakurle gazteekin
Uztaila euskararen hilabetea izango da Lazkaon, uda osoa bezala. Maizpide Euskaltegiak 47. Udako Ikastaroak astelehenean abiaraziko ditu, Euskara, bizi leloarekin. Ikasle andana erakartzeaz gain, kultur ekitaldi sorta bat ere prestatu dute herritar guztientzat.
Ohi bezala, bi asteko ikastaroak eskainiko dituzte uztailean, abuztuan eta irailean; sei guztira. Barnetegi erakoak izango dira. Lehendabiziko ikastaroa astelehenean hasiko da, uztailaren 16ra arte. HABEren hizkuntza-eskakizun maila guztietako gaiak irakatsiko dituzte, azterketak prestatzeko.
Euskara klaseekin batera, kultura ekitaldien egitaraua ere prestatu du Maizpidek, zenbait udalarekin batera. Hasteko, Losers (Galtzaileak) antzekia ikusteko aukera izango da, datorren asteartean. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola goierritarrak dira aktore. Arerian izango da.
Oraingoz, uztailari dagokion egitaraua argitaratu du Maizpidek. Hilabetekakoa aterako dute aurten. Ipuin kontaketa, kontzertua eta hitzaldi ilustratua iragarri dituzte uztailerako.
Idazle-ilustratzaileak atzo
Uztaila hastearekin batera, atzo, Gerriko kultur elkarteak bi sortzaile goierritarrekin ekitaldia egin du. Zuhara liburua egin duten Amaia Telleria idazle idiazabaldarra eta harako marrazkiak egin dituen Laida Ruiz ilustratzaile lazkaotarra izan ziren, ludotekako haur saldo batekin hizketan.
Idazteko lehenik irakurle izan behar dela azaldu die Telleriak haurrei. Ataungo eskolan irakasle da, eta denborapasarako eta beste dimentsio batzuetara bidaiatzeko erabiltzen du idazketa. Zuhara, itsasoaren deia azken idazlana abentura liburu bat dela ere erantsi zuen.
Ruizek, bere aldetik, marrazketaren xehetasunak izan zituen hizpide. Aurkezpenaren garaian bertan, ilustrazio bat egiten aritu zen, Gerriko aurreko mahaian. Jolas batekin osatu zuten saioa.
Astelehenean, Paul Bilbao
Batuz aldatu, hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala hitzaldia antolatu du, bestetik, Gerriko elkarteak astelehenerako, 19:00etan, txokoan. Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok emango ditu proiektuari buruzko azalpenak. Ordizia Errugbi Elkarteko ordezkariek ere testigantza emango dute, aldi berean, martxan den prozesuaz.
UZTAILEAN LAZKAON
Asteartea, uztailak 6. ‘Losers’(Galtzaileak) antzezlana, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola. Arerian, 19:00etan.
Uztailak 13. ‘Ezina ekinez egina’ ipuin kontaketa, Ixabel Agirresarobe. Maizpide atarian, 19:00.
Uztailak 23. Eroor musika taldearen kantaldia. Plazan, 19:00.
Uztailak 28. ‘Sugarren mende’ hitzaldi ilustratua, Asisko Urmeneta eta Helena Xurio. Areria aretoan, 19:00etan.