Ordiziako 'Braderie merkealdia' kanpainak bihar arte iraungo du
Atzo hasi zen merkealdi azoka eta bihar arte iraungo du. Gaur, goiz eta arratsaldez eta bihar goizez jarriko dituzte produktuak 15 saltokik.
Ordiziako Udalak, Ordizian merkatari elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin, Braderie Merkealdia antolatu du. Atzo eman zioten hasiera eta bihar arte iraungo du, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; bihar goizez bakarrik zabalduko dute 10:00etatik 13:00etara.
Braderie azoka honetan, gizon, emakume eta haur moda, osagarriak, oinetakoak, lentzeria, mertzeria, lurringintza, estetika eta kirol arropa eta produktuak saltzen dituzten 15 saltokik hartuko dute parte. Ohiko produktuak eta zerbitzuak, prezio hobetuan eskuratu ahalko dira. Parte hartuko duten saltokiak honakoak dira: Biñaspre, Geê, Gofi Berri, Imana, Irurena, Kixmi, Lirain, Mirentxu, Ness by Esti García, Oskarbi, Palomo, Porfirio Fernandez, Serendipity, Vicuña Confeccion eta Vicuña Sport.
Establezimendu horietan, erakusleiho edo kanpoko aldean erraz identifikatzeko moduan jarriko dituzte kanpainako produktuak.
Zozketa
Gainera, aipatutako saltokietan erosketak egiten dituzten pertsonek 100 euroko hiru erosketa baleren zozketan parte hartzeko aukera izango dute.