Tartaloetxe, Euskal Herriko kluben arteko finalaren bila
Tartaloetxe Pilota Elkarteak Euskal Herriko kluben arteko eskuz binakako txapelketako finala jokatuko du gaur, Oberena Klubaren kontra. Aitor Elizegi eta Beñat Azketa ariko dira.
Zegamako Tartaloetxe Pilota Elkarteak Oberena Klubaren kontra jokatuko du gaur Euskal Herriko kluben arteko eskuz binakako txapelketako finala, ohorezko mailan. Aitor Elizegik eta Beñat Azketak jokatuko dute Zegamako Tartaloetxe elkartetik, eta Oberena Iruñeako klubetik, berriz, Joseba Aldabe eta Oian Kanabal pilotariek jokatuko dute ondo bidean, lesio bat izan baitu azken horrek. Partida 19:00etan izango da, Mungian.
Ez dute baieztatu Kanabalek jokatuko duen ala Oberenak beste aurrelari bat aukeratuko duen finalerako. Azketak eta Elizegik ezagutzen dituzte aurkari nafarrak, ligan haien kontra jokatu izan dutelako. Partida gogorra izatea aurreikusi duten arren, 22 puntutara ailegatzea espero dute goierritarrek: «22-17 irabazi genuen haien aurka jokatu genuenean euskal ligan, baina partida parekatua izan zen eta finalerako ere antzera joatea espero dugu», azaldu du Azketak. Sasoi onean iritsiko dira finalera, ligan astean partida bat jokatuta: «Koronabirusa dela eta partida gutxi daudenez, astean partida bat jokatzen ibili gara eta momentuz sentsazioak onak dira».
Gipuzkoako txapeldunak
Martxoan Gipuzkoako kluben arteko eskuz binakako ohorezko mailako finala jokatu zen, eta Azketak eta Elizegik lortu zuten txapela Tartaloetxerentzat. Hori irabazi ondoren sailkatu dira Euskal Herriko txapelketarako. Liga jokatu eta finalera iritsi eta gero, gaur urtea borobiltzeko aukera izango dute Zegamako taldeko pilotariek, Gipuzkoakoaren ondoren Euskal Herriko txapela eskuratuta.