Euskal Herriko kluben arteko txapela lortu du Tartaloetxe elkarteak
Zegamako Tartaloetxe pilota elkarteak Euskal Herriko kluben arteko eskuz binakako txapelketa irabazi du, ohorezko mailan, Iruñeako Oberena klubaren kontra. Tartaloetxeko Beñat Azketa eta Aitor Elizegi eta Oberenako David Landa eta Joseba Aldave pilotariek jokatu dute finala Mungian, eta partida gogor baten ondoren 22 eta 21 gailendu dira goierritarrak. Final lehiatua izan da eta ez da azken momentura arte erabaki.
Oian Canabalek osatu du txapelketa osoan bikotea Aldaberekin, baina lesio bat dela eta ostiraleko finalerako Landak jokatzea erabaki zuen Oberenak. Sentsazio onekin heldu zion partidari Azketa-Elizegi bikoteak, eta partida lehiatua izan zen azkeneko zatian. Zegamako taldekoek distantzia hartu bazuten ere, azkeneko tantoetan erabaki zen. 20-13 aurretik jarri ziren Elizegi eta Azketa, 21-15 ondoren, baina estutzea eta markagailua berdintzea lortu zuten Landak eta Aldabek: 21 eta 21. Tanto baten faltan, Landak txapara bota zuen pilota. 22-21 amaitu zen emozioz betetako finala, Tartaloetxekoen alde.
Martxoan Gipuzkoako txapela irabazi zuen Azketa-Elizegi bikoteak eta Euskal Herrikoa janztea lortu dute oraingoan, partida guztiak elkarrekin jokatuta.
Beste sari bat
Euskal Herriko kluben arteko txapelaz gain, beste sari bat lortu dute: Euskal selekzioak antolatuta, San Franciscora eta Las Vegasera joateko txartela irabazi dute. Bertan, euskal komunitateak egingo duen festa batean parte hartuko dute.












