Fan klubak bultzatuta
Xabi Zurutuzak Hawkers European Talent Cup txapelketako seigarren lasterketa irabazi du. Sailkapen nagusiko lehen postura igo da. Pilotoak jarraitzaile elkarte bat dauka Legazpin
Xabi Zurutuza moto piloto legazpiarrak bigarren garaipena lortu du gazteen Hawkers European Talent Cup txapelketan, eta sailkapen nagusiaren buruan jarri da. Europako errondaren seigarren lasterketa Portugalgo Portimaon jokatu zen igandean, eta Zurutuzak podiuma lortu zuen, Brian Uriarte eta Cuna de Campeones taldean kide duen Adrian Crucesekin batera.
Lasterketa bikaina egin zuen legazpiarrak. Hasieratik jarri zuen motorra lehen postuetan, eta lasterketa amaitzeko bost itzuliren faltan, atzetik zituenetatik urrundu eta bakarka egin zituen kilometro batzuk. Azken itzulian atzekoak gerturatu ziren, baina Zurutuzak ez zuen etsi eta lehena iritsi zen.
Portugalgo hau bigarren garaipena da Zurutuzarentzat, eta Europa mailako txapelketaren sailkapen nagusiko lehen postura igo da 94 punturekin, atzetik duen Hugo Millan taldekidetik zortzi puntura. Lau lasterketa falta dira erronda amaitzeko, eta hurrengo hitzordua hilaren 25ean izango da, MotorLand Aragon zirkuituan.
Fan kluba
Zurutuzaren bigarren lorpen hau ondo ospatua izan da Legazpin, jarraitzaile ugari dituelako. Lasterketak zuzenean ematen dituzte Dazn plataforma digitalaren bidez, eta igandean zaletu horietako asko elkartu ziren Hogei tabernan piloto gaztearen lana jarraitzeko.
Hogei taberna Xabi Zurutuzaren fan klubaren egoitza da. Jarraitzaile talde batek sortutako elkartea da, horrelako kanpaina bat aurrera eraman ahal izateko aurrekontuan laguntzeko helburuz. Fan klubaren kide izateko aukera dute lagundu nahi dutenek, urtean 35 euro ordainduta. Trukean, kamiseta bat, txar- tela eta zozketetan parte hartzeko aukera izango dute. Kamisetak ere salgai daude, 20 euroan.
Informazio gehiago Hogei tabernan bertan edo xabi85fanclub@gmail.com helbidean lortu daiteke.??