Aiako festen ordezko ekitaldiak bihar egingo dituzte auzoko plazan
Pailazoen ikuskizuna eta Idoia Asurmendiren kontzertua antolatu dituzte, bihar arratsalderako. Ikusle kopurua mugatuta eta eserita izango dira. Aurten ere auzoetan jairik ez
Ataungo Aia auzoan bertako egun seinalatua den uztailaren 2tik astebetera antolatu dituzteko jaien ordezko bi ekitaldi. Lehengo asteburuan ez zen festarik izan, bigarren urtez jarraian, COVID-19aren pandemiak zapuztuta. Baina Aiako Festa Batzordeak bi ekitaldi antolatu ditu, haien ordezko.
Bihar arratsaldean egingo dituzte bi ekitaldiak. Lehenbizikoa, haurrentzat, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna izango da, 16:00etan hasita, Aiako plazan.
Arratsean, euskal musikan bakarlari bezala ospea lortzen ari den Idoia Asurmendi abeslari aramaioarraren kontzertua jarri dute. 21 urte betetzeko ditu, eta aurten argitaratu du lehenengo diskoa, Ilun eta abar. 19:30ean hasiko da kantaldia.
Gonbidapenak hartuta
Bi ekitaldietarako ikusle kopuru mugatua egongo da, eta eserita jarraitu beharko dira. Gonbidapenak lortu behar dira ikustera joateko.
Ataungo Udalak lehengo asteko bandoan aurreratu zuen aurten ere auzoetako festak ezin izango direla betiko eran ospatu. Aian, adibidez, Santa Ixabel egunean (uztailak 2) meza bakarrik izan zen, goizeko hamaiketan. Ondoren, Haitzarri elkartean hamaiketakoa egiteko elkartu ziren hara joandako auzotar batzuk. Ez zen beste jairik egin.