Ekaitz Goikoetxeak Basarri Saria irabazi du, zazpigarrenez
Mingarri den bitartean izenburua duen bertso sortarekin irabazi du Ekaitz Goikoetxea sortzaile beasaindarrak bertso idatzien Basarri Saria. Euskal gatazkak eragin duen sufrimenduan jarrerak hurbildu beharra aldarrikatzen du, besteak beste. Epaimahaiak hain zuzen, bertsoen bikaintasuna ez ezik, diskurtsoan egindako ekarpena saritu nahi izan du. «Nahiz eta egia batzuk/beti diren egiago,/erabateko egia/den egiarik ez dago».
Zubien beharra ere eraman du bertsotara Goikoetxeak: «Zubiak landu ezean/ findu ezik begirada,/behin bakarrik bizi arren/gehiagotan hilko gara...». Euskal gatazkari dagokionean, oraindik bakoitza bere lubakietan dagoela uste du Goikoetxeak: «Oraindik ez gara gure/lubakietatik irten./Bi malkok hirugarrenik/ez badute eragiten,/gu izateak ez gaitu/pluralagoak egiten».
16 lan aurkeztu dira bertso idatzien lehiaketara eta sari bakarra eman dute aurten. Hamaseitik hiru depresioari buruzkoak izan dira hori ere datu adierazgarria iruditu antolakuntzari gaur egungo egoerarekin lotua. Honela, beasaindarrak zazpigarren aldiz jaso du Basarri Saria.
Goikoetxea pozik
Beasaindarrak sare sozialetan adierazi duenaren arabera, « berezitasun gehigarri bat» izan du jaso duen azken sariak. «Aurreko sortetan ikasleren baten edota lagunen baten barrutik» idatzi bazuen ere, «bere-beretik idaztera ausartu» da oraingoan. «40 urtean gehien hustu naizen eta bete nauen bertso sorta da hau», aitortu du beasaindarrak. Bertsoak goierri.hitza.eus webgunean daude irakurgai.