Ahozkotasun bekarekin Gabiriako bertsolaritza ikertuko du talde batek
Maialen Akizuk eta Eresti Oiarbidek aurkeztutako proiektua aukeratu dute Mintzolak, Gerrikok eta Kilometroak elkarteek. Transmisioaren oinarriak aztertuko dituzte
Goierriko ahozko ondarea ikertzeko Kilometroak 2. Bekaren deialdiaren ebazpena atzo jakinarazi zuen Mintzola ahozko lantegiak, Kilometroak kultur elkarteak eta Gerrikok osatutako balorazio batzordeak. Maialen Akizuk eta Eresti Oiarbidek aurkeztutako Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian lanari esleitu diote beka. Atzo, Villabonan, iazko bekaren emaitza ere aurkeztu zuten, Aiztondoren zirtotsak.
Bekaren bigarren ekitaldian, Gabiriako bertsogintza eta bertsozaletasuna aztertzea du helburu proiektuak, ikuspegi historikoa landuz eta elkarrizketa sakonetan oinarrituta. Herriko bertsolariez gain, kontuan hartuko dituzte bertsoaren eta bertsolarien inguruko eta belaunaldi desberdinetako eragileak: bertsozaleak, gai-jartzaileak, antolatzaileak…
Talde lanean
Akizuk eta Oiarbidek aurkeztutako ikerketa proiektura talde zabalagoa batu da, hamar lagunekoa eta belaunaldi askotako gizon-emakumeak. Urtebeteko epea izango dute lana borobiltzeko, 2022ko uztailaren 15era artekoa.
«Datu-basearen azterketa egitea guztiz interesgarria izango da eta, modu horretan, herriko bertsolaritzaren historia txukun jasoa geratuko da. Besteak beste, Osinalde Sariketari buruzko informazio guztia zehatz ematea: sorrera eta bilakaera. Baita herriko emakume bertsolariei buruzko informazioa ere», dio bekaren balorazio ebazpenak.
Garapen maila eta bideragarritasuna baloratu dizkiote egitasmoari, baita ikerketa gauzatutakoan hurrengo belaunaldientzako edukiko duen balioa ere. «Gabirian transmisio lan horren oinarriak zeintzuk izan diren lan honek bistaraziko balitu, oso gako interesgarriak lirateke ondarea geroratzeaz kezkatuta dabiltzan kultur eragileentzat», azaldu du batzordeak.
Gabirian bertsoarekiko afizioa «beste oso leku gutxitan bezala» transmititu dela dio txostenak. Urriaren 1ean Ordizian aurkeztuko dute xehetuago, Kilometroen harirako bertso saioan.