Euskal Herriko lehen bizikleta parke urbanoa Legorretan dago
Baratze parkearen ondoan eraiki dute, 3.500 metro koadro ditu eta maila guztietako erabiltzaileentzat egina dago. Erakustaldia egin dute inaugurazioan
Euskal Herriko lehen Bike Park edo bizikleta parke urbanoa Legorretan dago. Atzo arratsaldean egin zuten inaugurazio ekitaldia. Bertan izan ziren Legorretako Udal ordezkariak eta baita bizikleta parkean erakustaldia egin zuten Nahia Polo eta Hegoi Ado ere. Polo, mendi bizikletako modalitatean brontzea izan zen 2020ko Espainiako txapelketan, eta Ado mendi bizikleta instalazioen diseinatzailea eta kirol zuzendaria da.
Honakoa adierazi du Iñigo Lasa udaleko zinegotziak bizikleta parke berriaren inguruan: «Xendapedalak bizikleta parkea herritarrentzako kirol eta aisia gune berri bat da, beste aukera bat aire zabalean kirola egin eta ondo pasatzeko». Bizikletan ibiltzeko zaletasun handia dago Legorretan, eta Lasak esan duenez, pandemia garaian, «nabarmen egin du gora» zaletasun horrek. «Herriko umeak nonahi dabiltza bizikletarekin, han eta hemen saltoka, eta behar hori ikusita sortu zen ideia, behar horri erantzun bat emateko».
Kokalekuari dagokionez, «herrigunetik oso gertu, erraz iristeko moduan, eta herri baratzeen ondoan» dago. Horrela, bizikleta parkearen eta herri baratzeen artean atsedenleku bat ere jarri dute, herritarrek beste natur eremu batez goza dezaten.
Eremuaren ezaugarriak
Orein Bike arduratu da zirkuitua diseinatu, garatu eta eraikitzeaz, eta profil guztietako erabiltzaileak hartu dituzte kontutan: 3 urtetik aurrerako haurretatik hasi eta BMX, XC, Enduro, jauzi zein jaitsiera modalitateak praktikatzen dituzten goi mailako kirolarietaraino. Beraz, eremu horretan, mendi bizikletan ibiltzen ikasteaz gain, eta txapelketak ere antolatu daitezke.
Guztira, 3.500 metro koadro ditu, eta sei gunetan banatuta dago: 400 m2-ko Pump Track edo bultzada ibilbidea; 250 m2-ko Skill Park edo oreka gunea; 150 m2-ko haurrentzako gunea; 1.000 m2-ko Dirt Jump edo saltoen gunea; 350 m2-ko Rock Garden edo harrien lorategia; eta 500 metroko MTB ibilbidea. Parke publiko irekia da, mendi bizikleta maite duen edonorentzako aproposa, eta guneak erabilera autonomoa izan dezake.
Hegoi Adok berak adierazi duenez, «Euskal Herrian ez dago horrelakorik, baina Europan oso ohikoak dira toki guztietan». Legorretan egin duten parke honetan, «oinarrizko teknikak ikasi ahal izango dira, eta ondoren, mendira irtetean, ezagutza bat edukitzeko aukera emango du».
Proiektu hau garatu ahal izatea «satisfakzio handia» izan da Adorentzat. «Batik bat hemendik kanpo egiten dugu lan, Frantzian batez ere, eta Legorretan horrelako zerbait egin ahal izatea pozgarria izan da».
Proiektu aitzindaria
Kontatu duenez, orokorrean administrazioak ez du horrelako eremuak irekitzeko laguntza gehiegi ematen, eta Adoren ustez, «hori ezin da ulertu», ikusita zertarainoko zaletasuna dagoen, eta Euskal Herria mendiz inguratuta egonda. Legorreta aintzindaria izan dela esan daiteke. Euskal Herrian, Irisarri parkean, Nafarroan, dago beste bizikleta parke bat. Irisarrikoa, ordea, ez da urbanoa, mendikoa baizik.