Irai Errota industrialdeko obraren hasierako akta sinatu dute gaur
Prozesua 2007an hasi zen. Industria gunea bi eremutan antolatzea aurreikusi dute, eremu bakoitza Eztanda ibaiaren ertz batean. "Gazteentzako lana eta ongizatea" ekartzea espero du Jon Enrique Galarza alkateak.
Irai Errota industrialdea sortzeko obraren zuinketa eta hasierako akta sinatu dute gaur Ormaiztegiko udaletxean. Irai Errota 19 sektorean aurreikusitako poligono berria sortzeko beharrezko lanak biltzen ditu aktak. 81.155 metro karratuko azalera dauka, Ormaiztegiko Herrigunearen ekialdean kokatuta, Eztanda ibaiaren ibarrean, Beasain-Zumarraga GI-2632 errepide zaharraren, Irai Errota baserriaren eta Iberdrolaren azpiestazioaren artean.
Industrialdea sortzeko proiektua 2007an hasi zen, eta gaur egunera arte hainbat gorabehera eta arau-aldaketa izan ditu. Plan partzial berria 2017ko azaroan onartu zuten behin betiko, URAren eta Konfederazio Hidrografikoaren aldeko txostenekin, eta aurtengo urtarrilean Ormaiztegiko Udalak urbanizazio proiektua behin betiko onartu zuen. Bi eremutan antolatuko dute industria gunea, Eztanda ibaiaren ertzetan: ezkerraldean partzela bakarra aurreikusi dute, hasiera batean industria bakar batek har dezan; eta eskuinaldean, berriz, pabilioi eremu bat aurreikusi dute, industrialde moduko ereduan. Azken horietako bi pabilioi Ormaiztegiko Udalarenak izango dira. Aurrekontu orokorra 6.024.635 eurokoa da eta Construcciones Moyua S.L. enpresari esleitu zaio. Sustatzailea, aldiz, Sprilur S.A. enpresa da.
Jon Enrique Galarzak azaldu du “aspalditik itxaroten den” proiektua dela eta “helburu argi bat” duela: aurre egin beharreko “susperraldiaren eta eraldaketa ekonomikoaren erronkei erantzutea”. Ormaiztegira “gazteentzako lana eta ongizatea ekartzea espero” du alkateak proiektuaren bidez.