Gorka Corres irabazle kadete mailako XLVII. Txapel Gorri txirrindulari proban
Bigarren postua Beñoit Diaz de Garayorentzat izan da, eta hirugarrena Guzman Greccorentzat. Mendiko saria ere Gorka Corresek lortu du.
Gorka Corres Suministros Zadorra taldeko txirrindulariak irabazi du gaur jokatu den kadete mailako XLVII. Txapel Gorri Txirrindularitza proba. Bigarren izan da Beñoit Diaz de Garayo, Arabarrak taldekoa, eta hirugarren postua, berriz, Guzman Greccorentzat izan da, Suministros Zadorra taldekoa. Sari bikoitza eskuratu du Gorka Corres sailkapen orokorreko lehenak, mendiko saria ere lortu baitu.
Giro aparta izan da, eguraldia lagun. Gudarien etorbidetik abiatu dira txirrindulariak 9:30ean, eta leku berean helmugaratu dira 11:15 aldera. Itsasondo, Legorreta eta Ikaztegietatik hiru aldiz pasa dira. Abaltzisketako gaina igaro eta Larraitzetik Zaldibiara jaitsi dira, Ordizian amaituz. 70,3 kilometroko ibilbidea egin dute.