Beasaingo Udalak begirale izateko ikastaroa antolatu du Urtxintxarekin
Izen emate epea zabalik dago; ikastaroa urrian hasiko da. Zati teorikoa eta praktikoa izango ditu. Eusko Jaurlaritzak homologatutako begirale titulua jasoko dute
Beasaingo Udalak begirale titulua lortzeko ikastaroa antolatu du Urtxintxa elkartearekin elkarlanean. Ikastaroa urrian hasiko da, baina izen ematea orain zabaldu dute. Urtxintxaren webguneko galdetegia bete behar da; egindakoan mezu automatikoa jasoko da, eta bertan izen-ematea behin-betikoa izateko eman beharreko pausoak agertuko dira; behin diru sarrera egina dagoenean matrikula behin-betikoa izango da. Taldea osatzeko behar adina matrikula ez baleude, ordaindutako kopurua itzuli egingo da.
2003. urtetik atzera jaiotako edonork eman dezake izena. Ez dago beasaindarra izan beharrik. Halere, herritarrentzako matrikula merkeagoa da. Hauek 225 euro ordaindu beharko dituzte; gainerakoek, 450.
Ikastaroa larunbat goizetan izango da, Beasainen bertan. Urtean zehar asteburu bateko irteera bat ere izango da. Arlo teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, hortaz; memoria ere entregatu beharko da amaieran. Gainditzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea titulua eta Lanbidek eskaintzen duen ziurtagiri profesionala jasoko dute. Aisialdiko hezitzaile eta dinamizatzaile soziokultural gisa egin ahalko dute lan etorkizunean.
Euskaraz izango dira klaseak, begiraleak euskaraz trebatu daitezen eta etorkizuneko aisialdia euskaraz izan dadin. Horregatik, ezinbestekoa da parte hartzaileek euskara maila nahikoa izatea. Horrekin batera, ikasturte amaierako memoria ere euskaraz egin beharko da.
Bigarren urtea
Beasaingo Udalak begirale ikastaroa antolatzen duen bigarren aldia da. Iaz ere Urtxintxarekin batera antolatu zuen ikastaroa.
INFORMAZIO OROKORRA
· Jasoleak. Aisialdiko hezitzaileak eta Dinamizatzaile soziokulturalak.
· Edukiak. Astialdiko soziologia,pedagogia eta psikologia; Hezkidetza, ingurugiroa, soziolinguistika, heziketa behar bereziak eta adierazpena; Musika, jolasak, tailerrak, lehen sorospenak; Udako egitasmoak, astialdikoesperientziak eta ekipamen-duak.
· Iraupena. 150 ordu teoriko. 160 ordu praktiko. Memoria.
· Irakasleria. Aisialdiko begirale edo zuzendari tituludunak eta aisialdiko heziketan eskarmentu handikoak. Dagokien gaian lizentziatuak edo diplomatuak: Soziologoak, Psikologoa, Pedagogoak, Psikopedagogoak, Gizarte Hezitzaileak, Biologoak, Geologoak … EGAdunak.
· Titulazioa. Eusko Jaurlaritzak homologatutako ‘Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea’ titulua eta Lanbidek eskaintzen duen ziurtagiri profesionala ‘SSCB2009’.
· Baldintzak. 2021eko abenduaren 31rako, 18 urte beteta edukitzea. DBHko titulazioa izatea. Euskara maila egokia izatea, klaseak eta lanak euskaraz izango baitira.