Zepai bertsolaria gogoan
Bihar, 12:00etan, Etxeberrialtzo etxean «ekitaldi xumea» egingo du Idiazabalgo Udalak Akilino Izagirre Amenabar ‘Zepai’ oroitzeko. Azpeitian jaio eta Idiazabalen bizi izan zen.
Idiazabalgo Udalak antolatuta, Zepai bertsolariari omenaldia egingo diote bihar, larunbata, bere heriotzaren 50. urteurrenean. Kale Nagusiko 43. zenbakiko Etxeberrialtzo etxean izango da, 12:00etan. Udalak adierazi duenez, «ekitaldi xumea» egingo dute. Dantzariek, txistulariek eta Idiazabalgo kantujira taldeak parte hartuko dute omenaldian. Baita bertsolariek ere. Garai batean haren ostatu izan zen etxean oroimen plaka jarriko dute.
Azpeitian jaio zen Akilino Izagirre Amenabar Zepai eta Errezilgo Zepai baserrian hezi zen. Gaztetan baso lanetan ibili zen. Gero hargin bezala eta Donostiako garagordetegi batean ere jardun zuen. Idiazabalgo Agustina Mujika Intxausti idiazabaldarrarekin ezkondu zen 1946an, eta Idiazabalen bizi izan zen 1971ko uztailaren 24an zendu zen arte. Seme bakarra izan zuten, eta Idiazabalgo Kale Nagusiko 43. zenbaki horretan dagoen Etxeberrialtzo etxean, ostatua ireki zuten senar-emazteek, Etzegarateko bide hasieran. Basarri bertsolariak esaten zuenez, umore handiko bertsolaria izan zen Zepai, zorrotza eta aguroa. Gazte hasi zen bertsotan, 16-17 urterekin, eta gazte hasi zen nabarmentzen bertsolari modura ere. Bertsolariya aldizkarian jarri zituen lehen bertsoak. Urte gutxitan sona handia hartu zuen. Bere bizitzako azken urteetan gutxi jardun zuen jendaurrean, ostatuko lanetan murgilduta. Donostian izan zituen azken bi saioak.
50. urteurrena
Bihar 50 urte izango dira Zepai hil zela, eta urteurreun borobil horri lotuta bertsolaria oroituko du Idiazabalgo Udalak, Zepai kaleko eta Kale Nagusiko bidegurutzean dagoen etxean, garai batean taberna izan zuten lekuan. Aratz Igartzabal Bidegain bertsolariak parte hartuko du. Ekitaldi txikia izango den arren, tarte batez txoko hori girotuko dute Zepairen omenez.