Josu Mujika gogoratzeko solasaldia antolatu du Sortuk 30erako
Madrilen hil zutela 46 urte betetzen diren egunean bertan, Josu Mujika Aiestaran ETAkide legazpiarra eta handik hilabeteetara egin zuten Segoviako gartzelako ihesaldia gogoratzeko solasaldia antolatu du Legazpiko Sortuk. Ostiralean, hilak 30, izango da, 19:00etan, Lekanazpi elkartean. Solasaldian ihesaldi entzutetsu hartan parte hartu zuten hainbat preso ohi ere izango dira.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Mujikak lotura izan zuen Segoviako presoen lehen ihesaldi saiakerarekin. 1975eko uztailean ihesaldi hura prestatzen ari ziren ETAko kideen artean zegoen legazpiarra. Haiek atxilotzera joandakoan hil zuen poliziak Mujika Madrilen. Komandokideek ihes egin behar zuten presoentzat agiri faltsuak plastifikatzeko makina bat erosi berri zuten.
Komunikabideek hainbat bertsio eman zituzten, heriotzaren arrazoiak naturalak izan zirela, inguratua ikustean bere buruaz beste egin zuela eta tiroak trukatzean hil zela. Familiak 17 hilabete geroago lortu zuen gorpua berreskuratzea, 1977ko urtarrilean.
Segoviako ihesaldiaren bigarren saiakera 1976ko apirilaren 5ean izan zen. Orduan, 29 preso politiko (24 euskal herritar eta 5 kataluniar) Segoviako espetxeko estolderiak lotzen zuen tunel batetik ihes egin zuten. Gertakari haiek gogoratuko dituzte ostiraleko solasaldian.













