Irailean Gazteak lan munduan murgiltzeko programa hasiko da
Zumarragako gazteek iturgintza, berokuntza eta elektrizitate arloetako formakuntza jasoko dute. Ondoren, praktikak egingo dituzte
Zumarragako Udalak gazteei lan munduan murgiltzen laguntzeko programa bat jarriko du abian irailean. Egitasmoaren bigarren helburua iturgintza eta elektrizitate munduan belaunaldi aldaketa bultzatzea da. Programan parte hartuko duten gazteek, formakuntza jasotzeaz gain, praktikak egingo dituzte. Gainera, diru-laguntza emango diete.
Egitasmo hau Ekonomiaren Garapena, Tokiko Garapena eta Berrikuntza sailak bultzatu du eta aurrekontua 245.000 eurokoa da. Proiektuak Europako Gizarte Funtsaren laguntza du. Europako Gizarte Funtsak 225.000 euro jarriko ditu eta udalak 20.000.
Programa iraila amaieran jarriko da martxan eta martxoaren 30ean amaituko da. Formazioak hiru urrats izango ditu: iturgintza eta instalazio elektrikoak, berogailuen eta klimatizagailuen instalazioa eta formazio praktikoa.
Hiru urratsak egiten dituzten gazteek etxeetako iturgintza, berokuntza eta klimatizazioan oinarrizko profesionaltasun ziurtagiria eskuratuko dute.
Bestalde, parte hartzaileek 13,45 euroko diru-laguntza jasoko dute, eguneko.
Izen-ematea
Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenek 16 eta 30 urte bitartean izan behar dituzte eta Zumarragan erroldatuak egon behar dira. Izena emateko, Lanbidera jo behar dute edo 943 93 04 37 zenbakira deitu.
Herriko gazteen artean langabezia tasa %24,7koa da eta Zumarragako Udalak zifra hori jaitsi nahi du.













