Uztailak bisitari ugari ekarri ditu Goierrira
Euskaldunak izan dira batik bat Goierriko bazterrak ezagutzeko autua egin dutenak. Europako 16 herrialdeetatik etorri dira bisitariak Goierrira.
Goiturreko datuen arabera, aurtengo uztailak bisitari gehiago ekarri ditu iazko urtekoarekin alderatuz gero. Aitzitik, 2019ko bisitari kopurura heltzea ez da lortu. Osasun larrialdiak eragindako neurriek, talde mugak esate baterako, uztaileko bisitari kopurua urte normal batean izan ohi dena baina murritzagoa izatea eragin dute.
Bertako zein kanpoko bisitariak
Turisten jatorriari dagokioenean, euskaldunak izan dira Goierri ezagutzeko autua egin dutenak batik bat. Niko Osinalde Goiturreko zuzendariaren arabera “itxiera perimetralek jendeari mugitzeko gogoa eman dio, abuztuko oporrak kanpora joateko utzi eta uztailean zehar bertako bazterrak ezagutzea erabaki du jendeak”. Euskaldun bisitari gehienak Gipuzkoatik etorri dira, ondoren Nafarroa eta Bizkaiatik. Estatu mailako turistei dagokienonean berriz, aurrez inoiz ikusi gabeko datuak izan dira. Bisitariak Espainiar Estatuko erkidego guztietatik etorri dira, Ceuta eta Melillatik izan ezik. Baina batik bat Katalunia, Madrid, Valentzia, Andaluzia eta Kanariar Irletako bisitariak etorri dira eskualdera.
Iazko datuekin alderaztuz gero, Europa mailako bisitarien kopuruak ere gora egin du aurtengo uztailean. 16 herrialde ezberdinetatik etorri dira, nagusiki Frantzia, Belgika, Holanda, Alemania eta Suizatik. Portugaldar bisitarien kopuruak ere nabarmen egin du gora aurten. Goierrin zehar sakabanatuta dauden turismo bulego guztietatik pasa dira portugaldarrak.
Ostatuek ere zifra onak lortu dituzte. Landetxeek iazko datuak hobetzea lortu dute eta 2019an baino okupazio hobea izan dute, %50etik gorakoa zehazki. Hotelen kasuan, nahiz eta negozio turismoa jaitsi egin den, azken urteetako uztailetan lortu izan dituztenak baino bisitari kopuru handiagoa izan dute. Bestetik, Goierriko turismo bulegoek antolatzen dituzten ibilaldieek oso harrera ona izan dute eta Goierriko callcenter-ak ez du atsedenik izan informazio eskean zirenak asetu nahian.