"Jendeari ematen diogun tratuak eta gure produktuen kalitateak egiten du gure etxea bakar"
1880 inguruan ireki zituen ateak Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan aurkitzen den Otzaurteko Bentak.
Otzaurteko Benta izen bera daraman Zegamako auzoan dago kokatuta, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan. 1880 inguruan ireki zituen ateak lehen aldiz eta orain laugarren belaunaldiak darama sukaldeko suen gidaritza. Hiru anaia dira eta horietako bat da Jon Oiarbide (1971). Lagun eta kuadrila askoren bilgune lekua da Otzaurteko Benta, baita mendizale askorena ere.
Nola deskribatuko zenuke eskaintzen duzuen menua?
Menu tradizionala ematen dugu, bertako produktuak erabiliz. Gurera datorrenak etxeko janari goxoa jan nahi du, betikoa eta kalitatezkoa. Gehienbat arkumea, tripakiak eta babarrunak dira ezagunenak. Asteburuetan etxeko 8 edo 10 arkume erretzen ditugu eta dena jaten da. Menu zabala dugu, gosariak, pintxoak, bazkariak eta afariak ematen ditugu.
Zerk egiten du Otzaurteko Benta bakar?
Jendeari ematen diogun tratua eta gure produktuen kalitateak egiten du gure etxea bakar.
Zenbateraino pairatu dituzue osasun krisiaren eraginak?
Pandemiak golpe handia eman digu. Itxiera perimetralek bereziki kaltetu gaituzte. Izan ere, jendeak herrietatik atera ezin izanak zuzenean eragin digu. Zegamako Otzaurte Auzoan kokatuta gaude eta egoera horretan ona ezin zuen inork etorri; zegamarrek ere 8 kilometroko bidea egin beharra zuten gurera etortzeko. Hori horrela ateak itxi eta langileak ERTEra bidali beharra izan genituen. Diru laguntzak jaso baditugu ere, hauek ez dira nahikoak izan. Baina gogor lan eginda aurrera ateratzea lortu dugu.
Zer moduz ari zarete udan lanean? Mugimendurik nabaritu al duzue?
Uda ondo doa, esango nuke urte arrunt bateko itxura hartzen ari dela. Iazko udan baino hobeto ari gara lanean zalantzarik gabe, pixkanaka normaltasunera itzultzen ari garela dirudi. Orain gainera jendeak oporrak hartu ditu eta askok bertan geratzeko autua egin dutela nabaritzen ari gara. Egunero izaten dugu jendearen bisita. Kanpokoak ere etorri dira, batik bat Katalunia, Madril eta Valentziatik.
Zein izango litzateke egun pasa polit bat?
Niretzako planik politena autoa Aldaolan utzi eta bertako gainak ezagutzea izango litzateke. San Adriango Koba bisitatu, Aizkorrira igo, Urbiako parajeez gozatu eta ondoren gurera etorri otordu eder bat egitera. Esku zabalik hartuko ditugu denak.