"Gazte asko dabil mundu honetan eta askotan denentzat ez dago plaza nahikorik"
Aratz Igartzabal gabiariarra herrian abuztuaren 14ean egiten den Bertso Saio aski ezagunean arituko da.
Aratz Igartzabal (1996) gabiriarrari familiatik datorkio bertsolaritzarako zaletasuna eta nola ez, herritik ere bai. Berak dioen moduan “herri bertsozalea da” eta aurten festarik ospatzeko aukerarik ez duten arren, urtero abuztuaren 14ean egiten den bertso saioa antolatu dute ohiturari jarraituz.
Nondik datorkizu bertsolaritzarako zaletasuna?
Gabiria oso herri bertsozalea da eta gainera osaba bertsolaria ere badut, Euxebio Igartzabal. Umetan haren etxean askotan egoten nintzen eta gurasoak ere oso bertso zaleak ditut. Betidanik inguru bertso zalean murgilduta egon naizenez nahigabe hasi nintzen bertsotan. Bertso Eskolan izena eman nuen eta gustatu egin zitzaidan mundu hau.
Txapelketetan parte hartzen al duzu?
Bai. 18 urtez azpiko eskolartekoetan ibili nintzen, bai taldeka eta baita banaka ere. Beste hiru lagunekin batera txapela ere irabazi genuen. Bakarkakoetan, berriz, finalera iristea lortu dut behin baino gehiagotan baina oraindik ez da txapelik iritsi. Gipuzkoako Bertso Txapelketan, Martxoan Bertsoa, Lizardi, Osinalde eta Xenpelar txapelketetan ere parte hartu dut.
Erreferenterik ba al duzu?
Osaba Euxebio asko miresten dut eta gustuko bertsolariak ere baditut, esate baterako, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia.
Zenbateraino eragin dio osasun krisiak bertsolaritzari?
Bertsolaritza jende artean egitekoa da eta pandeamiak ezinezkoa egin du hainbat ekintza aurrera eramatea. Esate baterako bertso bazkariak ezin izandu dira egin. Horretaz gain, osasun neurriek bertso saioetan aldaketak ekarri dituzte. Musukoekin abestu behar da eta mikrofonoak txano moduko batekin estaltzen dira kutsatzeak ekiditeko. Zalantzarik gabe izurriteak gogor jo dio bertsolaritzari, baina hortik ere pixkanaka irtetzea lortuko dugu.
Gainontzean Gipuzkoako bertsolaritza indarrean dago. Gazte asko dabil mundu honetan eta askotan denentzat ez dago plaza nahikorik. Bertsolari gehiago plazak baino, eta ondorioz batzuek besteak baino aukera gehiago dituzte. Hala ere, aukerak sortu egin behar direla pentsatzen dut nik.
Aurte ere ez dira Gabiriako festak ospatuko, baina ordezkorik egongo al da?
Ez, aurten ez da festarik izango baina kultur ekitaldiak antolatzea erabaki da. Izan ere kultura da pandemiak utzitako beste kaltetu handietako bat. Antolatutako ekintzen barruan aurten ere bertso saioa egingo da abuztuaren 14ean. Orain dela 60 urte inguru hasi ziren saio hau egiten. Orain urte batzuk gauez izaten zen baina eguerdira pasatzeko erabakia hartu zen egun honi itzuli handia emanez. Aurten 6 bertsolari arituko gara, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Julio Soto, Gorka Pagonabarraga eta ni neu. Jendeari gerturatzeko gonbita luzatzen diogu. Egun bizi dugun egoeraz ahaztu eta bertsoez gozatzeko aukera ederra da.